Miranda Ebro eta Altsasu arteko ibilbidea izango duen Arabako lautadako aldiriko tren zerbitzu berria maiatzaren 30ean jarriko da martxan, Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburuak eta Rafael Cortes Navarro Renfe Viajeroseko zuzendari nagusiak gaur jakinarazi dutenez.
Zerbitzu berriak bederatzi udalerritan egingo ditu geldialdiak: Altsasu, Araia, Agurain, Dulantzi, Gasteiz, Iruña Oka, Argantzun, Manzanos eta Miranda Ebro. Jaurlaritzak ordutegiak argitaratu ditu dagoeneko.
Aste barruko lehen orduetan, eguerdian eta arratsaldean tren berriak gehitu dira, baita asteburuetarako zirkulazio berriak ere. Gainera, Gasteizen amaitzen ziren tren zerbitzuak luzatuko dira, Arabar lautada osoa zeharkatuz. Astean zehar, 41 tren luzatu eta 25 bidaia berri egingo dira, egungo 71 zirkulazioak bere horretan mantenduz. Hortaz, zirkulazioen %48 berriak edo ibilbide luzeagokoak izango direla dio Jaurlaritzak.
Garcia Chuecak azaldu duenez, Jaurlaritzaren helburua da "trena ibilgailu pribatuaren alternatiba jasangarri bihurtzea" lautadan, "erabilera erraza, eguneroko ordutegietara egokitua eta prezio eskuragarriak eskainiz, herritarrek autoa etxean uzteko aukera izan dezaten". Zerbitzu honek urtean lau milioi euroko inbertsioa izango du Jaurlaritzaren aldetik, eta ADIFek "geltokiak hobetzeko" egingo dituen ekarpenak gehituko zaizkio.
Renfek operatuta, Arabako aldiriko zerbitzuak Jaurlaritzak berak kudeatuko ditu, urte hasieratik Bizkaian eta Gipuzkoan egiten den antzera. Transferentzia honek zerbitzuaren operazioa, ikuskapena, tarifa politika eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharren araudia barne hartzen ditu. Trenbideak eta geltokiak, ordea, Espainiako Gobernuaren esku geratuko dira, ADIFen bidez.