Irakurketaren garapenari lotutako "funtsezko trebetasunak" dakartza elebidun izateak

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 15a

Karmeldar Jesusen Bihotza ikastetxeko 60 ikaslek parte hartu dute ikerketan. Argazkia: BCBL

Elebitasunaren abantailak eta atzerriko azentuak ulertzeko gaitasunak aztertu ditu Gasteizko Karmeldar Jesusen Bihotza ikastetxeko JuniorLab laborategiak, BCBLrekin elkarlanean.

Haurtzarotik bi hizkuntza erabiltzeak irakurketaren garapenari lotutako funtsezko trebetasunak indartu ditzakeela ondorioztatu du Gasteizko Karmeldar Jesusen Bihotza ikastetxean kokatutako JuniorLab laborategiak.

Neurohezkuntza eta garapenaren nahasmenduak taldeko buru eta BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Languageko Ikerbasque ikertzaile Marie Lallierrek bi ikasturtetan egindako ikerketa baten emaitzak aurkeztu ditu. Ikerketa horrek 60 ikasleren parte hartzea izan du, eta dislexia duten haurrengan elebitasunak dituen abantailak azpimarratu ditu. Lallierrek azaldu duenez, elebidun izateak eragin positiboa du ikasketa prozesuan.

"Askotan elebitasuna irakurtzen ikasteko erronka gehigarri gisa ikusten dugu, bereziki dislexia bezalako zailtasunak dituzten haurrengan", esan du Lallierrek. "Hala ere, gure laborategietan egin izan dugun lanak kontrakoa iradokitzen du: elebidun izateak abantaila paregabeak eskain ditzake, irakurtzen ikastea zaila denean konpentsazio mekanismoak garatzen laguntzen dutenak". Bi hizkuntza txikitatik erabiltzeak irakurketa trebetasunak indartu eta nahasmenduen aurrean erresilientzia handiagoa susta dezakeelakoan dago zientzialaria.

Bestalde, Sandy Abu Adas BCBLko ikertzaileak ARK proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu. Proiektu honek 5 eta 8 urte bitarteko 90 ikasleren kolaborazioa izan du, eta haurrak atzerriko azentuetara nola egokitzen diren aztertu du, tableta eta ordenagailuen bidez egindako ataza eta jolasekin. Abu Adasen arabera, "haurrak oso azkar egokitzen dira atzerriko azentuetara, eta gaitasun horrek entzuten dutena hobeto ulertzen laguntzen die".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago