Arabako arkeologiaren dimentsio gizatiarrena ikusgai Montehermoson

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 15a

Ostiraletik aurrera egongo da ikusgai erakusketa Montehermoson. Argazkia: Gasteizko Udala

'Indusketaz haratago. 1968-1975 Arabar familia arkeologikoa' erakusketa osatu dute Jose Ignacio Vegas Arambururen 133 argazki eta hiru ikus-entzunezko piezarekin. Ekainaren 22ra arte egongo da ikusgai Montehermoso kulturgunean.

Bihartik aurrera bisitatu ahal izango da Indusketaz haratago. 1968-1975 Arabar familia arkeologikoa izeneko erakusketa Gasteizen, Montehermoso kulturgunean. Arabako arkeologian funtsezkoa izan zen garaia jaso zuen argazkietan Jose Ignacio Vegas Aramburuk, eta bere 133 argazki eta hiru ikus-entzunezko piezarekin osatu dute erakusketa. Vegas-Fernandez familiak 2023an eman zizkion dohaintzan Gasteizko Udalari.

Ekainaren 22a arte egongo da lanak ikusteko aukera Montehermoson. Pilar Arostegui Udal Artxiboa izan da erakusketaren komisarioa, eta garaiaren garrantzia nabarmendu dute haiek. 70eko hamarkadan hasi zen arkeologiaren zientzia Arabako lurraldean ezartzen, eta garaiko hiru aztarnategitan egindako argazkiak daude ikusgai, La Hoya, Henaio eta Barrioko indusketenak.

Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziaren esanetan "Arabako arkeologiaren dimentsio gizatiarrena" islatzen dute argazkiek, eta testu batzuk ere jaso dituzte erakusketan, egilea berarenak eta arkeologia munduan izen handia duten beste pertsona batzuenak. "Bertan, indusketak egiten zituzten elkarrekin, elkarrekin ikasten zuten eta kanpamenduetan asteetan elkarrekin bizi ziren pertsonek osatutako benetako familiaren loturak nola eratu ziren ikusten dugu, ezagutza zientifikoa ez ezik, komunitatea eta konplizitatea ere partekatuz", nabarmendu du zinegotziak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago