Autoa aparkatuta badago legez kanpokoa da IAT faltagatik isuna jartzea

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 14a

IAT gabe egonda ere ezin dute isunik jarri, autoa aparkatuta badago. Argazkia: ALEA

Gasteizko epaitegiek bertan behera utzi dituzte bi isun, IATa eguneratua ez izateagatik jarritakoak aparkatuta zeuden autoei. Administrazioaren arbitrariotasunaren aurrean hiritarrak babesgabe daudela salatu dute.

IATa iraungita izanda zirkulatzeagatik isuna jaso dezakegula dio legeak. Baina zirkulatzean dago gakoa, epaitegietan argi geratu baita aparkatuta dauden kotxeei ezin zaiela isunik jarri IATa eguneratua ez badute ere. Apirilean bertan behera utzi dituzte bi isun administrazioarekiko auzi-prozesuen epaitegian, Gasteizen.

Epaiak behin-betikoak dira, ez dago helegiteak jartzeko aukerarik jada, eta ebatzi dute jarritako zigorrek tipikotasun printzipioa urratzen dutela. Hau da, ezin dela isunik jarri IATa iraungita izateagatik, ez badute egiaztatu ibilgailua zirkulazioan aritu denik. 2015eko Trafiko Lege Berrituaren 76. artikuluaren arabera, arau-haustea soilik ematen da baldintza teknikoak bete gabe zirkulatzen denean, ez aparkatua egoteagatik.

Bi epaietan nabarmendu dute legeak aurreikusten duen prozedura bestelakoa dela. IATa gainditu gabeko auto bat atzematekotan hamar eguneko errekerimendua dago gainditzeko, eta ez egitekotan ofizioz emango litzaioke baja ibilgailuari. Pauso hauek bete ez zirenez, epaitegiek ezeztatu egin dituzte 200 euroko bi isunak, administrazioak jarritakoak Udaltzaingoaren eskariz.

Kexatzea garestiago ordaintzea baino

Nomad Legal-eko Yaiza Alzolak eraman du isuna jaso zuten pertsonen defentsa juridikoa. Epaitegien erabakia txalotu badu ere, salatu du sistema administratiboak ez duela modu egokian bete bere babesle lana. Izan ere, "alegazio eta helegiteak sistematikoki ukatu dituzte. Prozesu judizial bat abiatzera behartu dituzte hiritarrak, horrek eskatzen duen diru, denbora eta neke emozionalarekin, argi eta garbi bidegabeak ziren erabakiak zuzentzeko".

Abokatuak ohartarazi du egungo zigor sistemaren diseinuak ez dituela behar bezala babesten hiritarrak Administrazioaren arbitrariotasunaren aurrean. Administrazioari leporatu dio isunak jartzea jakinda legez kanpokoak direla. Azken finean, hiritar askok nahiago izango dute isuna ordaindu azkar ordaintzeagatiko deskontuarekin, epaitegian borrokatzearen kostuari aurre egin beharrean.

Jurisprudentzia argia da auzi honen inguruan, estatu mailan ebazpen judizial gehiago daude norabide berean doazenak, esanez zirkulazioaren frogarik gabe ezin dela isunik jarri IAT faltagatik. Era berean, administrazioaren zigor prozedura aldatzeko beharraz hitz egiten dute, oraingo sisteman herritarrentzako berme nahikorik ez dagoelakoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago