Landa Eremuetako Etxebizitzen Alokairua Bermatzeko Programa aurkeztu du gaur aldundiak, 20.000 biztanletik beherako udalerrietan etxebizitza eskuratzea "errazteko" asmoz. Foru erakundearen arabera, ekimen honek jabeentzat eta errentariarentzat "segurtasuna bermatzea" du helburu.
Programaren bidez, aldundia errenta bermatzeko eta etxebizitza aseguruen hartzaile izango da, jabeentzat kobrantza eta kalte posibleen estaldura ziurtatuz. Bigarren hilabeteko ez-ordainketatik aurrera aktibatuko da bermea, jabeen arriskuak murriztu aldera. Gainera, aholkularitza juridikoa eskainiko zaie jabeei, zorren erreklamazio eta auzi legaletarako laguntza barne.
Babes ofizialik gabeko etxebizitzetan ezarri ahalko da programa, etxebizitzaren tamainaren arabera, hilean 450 eta 700 euro arteko gehienezko alokairuekin. Uztailaren 7an irekiko dute kontratuak egiteko epea, eta eskaerak Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan edo erregistro ofizialetan egin ahal izango dira. Etxebizitza beraren alde hainbat eskatzaile badaude, lehentasuna izango dute bizilekua edo lana etxebizitzaren udalerrian dutenek, eta ondoren, kuadrilla berekoek.
Programak landa eremuetako populazioa berreskuratzea eta "etxebizitza duinak" bermatzea du helburu, "jabeentzat eta errentarientzat baldintza duinak eta egonkorrak bermatuz".