Hilik topatu dute desagertuta zegoen 80 urteko emakume gasteiztarra. Zadorra ibaian aurkitu dute gorpua gaur, eta identifikazio lanak egin ostean, joan den astetik desagerturik zegoen laguna dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Zadorra etorbidearen parean topatu dute, 11:00etan, bilaketa luze baten ondoren. Desagerpenaren berri eman zuen familiak joan den ostegunean, eta azken egunetan taldeka izan dira senide eta lagunak inguruetan bilatzen.
Lakua auzoan desagertu zen emakumea. Goizeko 10:45ean etxetik irten zen, Arabarren egoitzatik igaro eta auzoko supermerkatu batean sartu zen, kamerek grabatutakoaren arabera. Arrastoa galdu zioten supermerkatutik irten zenean.