1,3 milioi euroko iruzur fiskala atzeman du Arabako Ogasunak

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 12a

Itziar Gonzalo Ogasun diputatua aurreko agerraldi batean. Argazkia: AFA

Aldundiak 4.163 ikuskapen egin zituen iaz iruzurraren aurka borrokatzeko planaren barruan.

95,2 milioi euro berreskuratu ditu Arabako Ogasunak iaz iruzurraren aurka egindako ikuskapenei esker. BEZean lortu da zenbateko handiena berreskuratzea, 55,6 milioi guztira. Sozietateen gaineko zergan, berriz, 11,2 milioi azaleratu dira, eta PFEZn, 5,5 milioi euro.

Gainera, Itziar Gonzalo diputatuak berri eman duenez, 2024ko ekitaldian, Ogasun saila delitu fiskaleko espediente susmagarri batean jardun da, eta 1,3 milioiko iruzur bat aurkitu  dute. Iruzur horren inguruko zehaztasunak Fiskaltzari igorri dizkio aldundiko sailak, ikerketa sakontzeko.

Iruzurraren inguruko datuak gaur goizean Arabako Batzar Nagusietan egin den Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Batzordean aurkeztu ditu Gonzalok. Azaldu duenez, iruzur fiskala saihesteko jarduketen barruan, 4.163 ikuskapen egin ziren iaz, horietatik erdia baino gehiago pertsona fisikoei egin zitzaien (2.432), eta, gainerakoak, pertsona juridikoei. 

Atalez ataleko kontrola

Jarduera ekonomikoen kontrolari dagokionez, joan den urtean etekin negatiboak edo etekinen proportzio oso txikiak izan zituzten jarduera ekonomikoak, sozietateak edo autonomoak ikertu zituzten, zehazki, aitorpenetan jarduera ekonomikoarekin zerikusirik ez zuten edo diru sarreren arabera itxurazko edo neurriz gastuak jaso zituztenak. Egindako ikuskapenen ondorioz, 24,2 milioi euro berreskuratu dira.

Justifikatu gabeko ondare irabaziei dagokienez, berriz, foru erakundeak guztira 7,5 milioi berreskuratzea lortu du honakoetan arreta jarritako jarduketen bidez: "txeke kobrantzak, eskudiruzko mugimenduak, higiezinen eskualdaketak eta sortutako errentak erregularizatzeko partaidetzak".

Zerga itzulketak kontrolatzeko, 1.246 jarduketa egin dira, batez ere, BEZaren itzulketetan oinarrituta. Jarduketa horien ondorioz, 7,1 milioi erregularizatu dira.

Halaber, inkoherentzia fiskalak kontrolatzera zuzendutako beste jarduketa batzuen ondorioz, 6,1 milioi berreskuratu dira 204 egiaztapen jarduketatan. 

Iruzurraren aurka Borrokatzeko Planaren barruan ere, beste eremu batzuek arrisku fiskal handia duten sektoreak kontrolatzea eta erreferentziazko prezioak kontrolatzea ekarri dute. "Programa horietan, guztira, 13 eta 11 jarduketa egin dira, eta 2,7 milioi eta 2,5 milioi euro aurkitu dira", zehaztu digu foru arduradunak.

Iruzurraren aurkako borrokaren barruan dauden gainerako programek 2,5 milioi euro azaleratu dituzte guztira 563 jarduketatan.

Era berean, Foru Ogasunaren eta udalen arteko lankidetza instituzionalaren esparruan, zenbait zerga egiaztatu eta ikertu dira, hala nola jarduera ekonomikoen gaineko zerga (JEZ) eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ). 510 jarduketen emaitzak 418.036,89 euro kobratzea ekarri du.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago