Lurraldeko puntako sukaldariak elkartu ditu ArabaK0 kolektibo berriak

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 12a

Azoka plazan egin dute kolektibo berriaren aurkezpena. Argazkia: J. FLORES / ALEA

Besteak beste, Kromatiko, Karmine, Arrea, Urgora edota Zaldiaraneko sukaldariek egin dute bat Arabako sarean.

Sukaldaritza ulertzeko era ezberdin bat hazten ari da, eta horren adibide dira ArabaK0 kolektibo berrian elkartu diren sukaldariak. "Gastronomia ez da su artean bakarrik egiten, baizik eta lurrarekiko, kulturarekiko eta pertsonekiko lotura oinarri hartuta", nabarmendu dute gaur Gasteizko Azoka Plazan egindako aurkezpenean.

Aurkezpena Basque Culinary Centerren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sortutako Mantala ekimenak antolatu du, euskal gastronomia garatu, ezagutza trukea eta denen arteko sorkuntza sustatzeko helburuarekin. Adierazi dutenez, sarea eraikitzeko bidean da, eta gastronomia kozinatzen den lekuarekiko konpromisoa izateko modu gisa ulertzen duten askotariko begiradak, sentsibilitateak eta proiektuak biltzeko gogotsu daude. "ArabaK0 sareak lurraldeaz hitz egin nahi du, sasoiaz, egiazko jasangarritasunaz, eta lurra lantzen dutenekiko, abereak hazten dituztenekiko edo eraldatzen dutenekiko harreman zintzoez. Erroa galdu gabe hazteko moduez aritu nahi du", azaldu dute.

Jasangarritasuna gako

Sarearen lan ildoen artean, azpimarratzekoak dira zenbait konpromiso gako. Batetik, jasangarritasuna eta jakirik ez xahutzea: ArabaK0k apustu egiten du ingurumen inpaktua ahal beste murrizten duen, baliabideak optimizatzen dituen eta zero waste praktikei heltzen dien gastronomia baten alde, ingurunearekiko errespetuz. Halaber, funtsezkoa dute bertako produktuaren eta Arabako Errioxako ardoaren defentsa. 

ArabaK0-ko kideak dira Edorta Lamo (Arrea), Aitor Etxenike (Kromatiko), Jabi Sarasua (Karmine), Maria Laskibar eta Ivan Sancho (Kea), Luis Hernani (Mano Lenta), Cristian Solana (El Puntido), Juan Anton (Zaldiaran), Gorka Arrieta (Sua), Beatriz Pascual (Almazen), Aitor Ocio (Bodeguilla), Jon Gil (Bideko), Belen Sandrin eta Jokin Loma (Palacio de Añana), Koldobika Galan eta Asier Moreira (Bode), Luis Angel Perez (144), Eneko Ochoa (Ballarin), Juan Garcia (El Dolar) eta Laura Muñoz (Urgora).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago