Akordioa lortu dute Hezkuntza Sailak eta sindikatuek

Erredakzioa 2025ko mai. 10a, 09:31

Bertan behera geratu dira hurrengo asterako aurreikusita zeuden greba egunak. Argazkia: M. ELORTZA

Adostutako neurrien artean, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan bi eskola ordu gutxiago eman beharko dituzte, 21 guztira; soldatetan %7ko igoera izango dute hurrengo hiru urteetan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Steilasek, LABek, Interinok Taldeak, CCOOk eta UGTk akordioa sinatu dute bart gauean, eta, beraz, sektoreko lan gatazka desblokeatu dute, eta bertan behera geratu dira datorren asterako deitutako greba deialdiak. ELAk ez du akordioa babestu.

Akordio honen arabera, eskola orduak 21 ordura murriztu behar dira Lehen eta Haur hezkuntzan, eta 17ra Bigarren hezkuntzan. Ratioei dagokienez, Lehen Hezkuntzan 23 ikasletik 22ra jaitsi da gehienezko kopurua, eta Haur Hezkuntzan adin desberdinetako ikasleak elkartzen diren ikasgeletan (2-3 urteak kenduta) 20 ikasletik 19ra.

Gainera, hezkuntza publikoaren sektorean 800 langile gehiago jarriko dira lanean, eta 60 urtetik gorakoek lanaldia heren bat murrizteko egitasmo bati heldu ahal izateko aukera izango dute. Era berean, 65 urte baino gehiago dituzten beharginek lanaldia erdira murrizteko aukera izango dute.

Adostutako hobekuntzen artean, ordezko irakasleak udan ere kobratzera pasako dira, betiere urtean 165 egun baino gehiago lan egin badute, eta soldata, oro har, %7 igoko da; aurten, %2, eta hurrengo bi ikasturteetan, %2,5.

Euskal eskola publikoak "benetan behar duena" lortu dutela esan du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Hezkuntza Sailaren ustez, akordioa "euskal eskola publikoa eraldatzeko akordioa da. Hezkuntza sistema indartzen du, sistemak behar duena da, ikastetxeek eskatu digutena eta akordio honek behar dutena bermatzen die", azaldu du sailburuak.

"Mobilizazioei esker"

Steilas sindikatuak azpimarratu du ordezkaritza sindikalaren %80ak babestu duela akordioa. Eta emaitza "greben eta mobilizazioei esker" izan dela nabarmendu du. "Aurreko hilabeteetan egindako grebei eta mobilizazioei esker, Hezkuntza Saila mugiaraztea lortu dugu, eta, behingoz, negoziatzeko aukera izan dugu. Irmoki defendatu ditugu irakasleen lan baldintzak. Hezkuntza publikoa erdigunean jarri dugu".

Ildo beretik, baikor hitz egin dute LAB sindikatutik ere: "LABek lortu du Jaurlaritzak hasierako proposamenean jarri ez dituen baliabideak adostea euskalduntzerako, aniztasunari eta inklusioari erantzuteko eta hezkidetzarako, baita, hamabost urtean lehen aldiz, soldatak bertan adostea ere".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago