Bastida eta Amurriora iritsiko da aurten Azkena Rock

Erredakzioa 2025ko mai. 8a, 13:04

The Clayton taldeak Bastidan joko du ekainaren 14an, 21.30ean. Argazkia: THE CLAYTON

Letagin, Nukore, The Clayton eta Nightwaves taldeek joko dute Araba ARF Tourrean.

Laugarren urtez, Azkena Rock jaialdiak lurraldeko hainbat herritara luzatuko ditu adarrak. Maiatzaren 17an Amurriora helduko da, eta ekainaren 14an Bastidara.

Oñatiko Letagin eta Gasteizko Nukore taldeen txanda izango da Amurrion, hilaren 17an. Oñatiarrek hard rock eta stoner musika egiten dute, erritmo azkarrak eta energiaz beteriko zuzeneko emanaldiak uztartuta; gasteiztarrek hogei urte baino gehiago daramate musikaren munduan, eta metal alternatiboko talde garrantzitsuenetako bat da.

Ekainaren 14an, larunbata, Bastidan izango dira kontzertuak. Nightwaves bilbotarrekin amerikar indie ukitua duen rock musikaz gozatzeko aukera izango da, baita Amurrioko The Clayton taldekoen rock and rollaz ere. 

Azkena Rock Festival jaialdi nagusia ekainaren 19an, 20an eta 21ean izango da Gasteizko Mendizabala zelaietan. Jaialdiaren agertokietan artista ezagun ugari bilduko dira, askotariko estilotakoak, hala nola John Fogerty, Manic Street Preachers, Dinosaur Jr., The Flaming Lips, Public Image Limited, The Damned, Melissa Etheridge, Lucinda Williams, Turbonegro, Margo Price, Richard Hawley, The Hellacopters eta abar. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago