EHUko Luis Eguiluz eta Iban Martin irakasleen gidaritzapean, Urizahar eta Ozio arteko ingurune geologikoa ezagutzeko doako bisita gidatua prestatu dute igande honetarako, Geoloeguna ekimenaren baitan.
SGE Espainiako Geologia Elkarteak antolatutako doako irteeren ekimenak 'Geologia inklusioaren erronkaren aurrean' leloa izango du aurten. Antolatzaileek nabarmendu dute irteerak edozein publikorentzat irekita daudela, eta geologiaren "erakargarritasuna eta gizartearen mesedetan duen balioa" erakustea dutela helburu.
Oraingoan, Jugalez ibaiaren haranean zehar ibilbidea egingo dute, Urizaharrean hasi eta Ozioraino. Bertan, haranaren "alderdi estrukturalek, litologikoek eta geomorfologikoek" eboluzio geologikoan zehar izan duten rolaren berri emango dute.
Ibilbideak 250 milioi urte atzera eramango ditu bisitariak, Pangea superkontinentea zatitzen hasi zen garaira. Ordutik, Arabako lurraldeak hainbat prozesu geologiko bizi izan ditu: riften sorrera, itsas hondakinak, eta Iberiar Penintsula eta Europako plaken talkak eragindako tolesdurak, besteak beste. Geldialdi nabarmenenak honakoak izango dira: Urizaharreko iturria eta trabertinoak, Uraren Ibilbidea eta Ozioko trabertinoen terraza.
8:30ean hasiko da irteera, Arabako Campuseko liburutegitik. Bost kilometro inguruko ibilbideak hiru ordu baino gutxiagoko iraupena izango du.