%42 hazi dira sexu erasoak

Erredakzioa 2025ko mai. 7a, 11:01

Delituen gorakada "kopuru beltzaren beherakadarekin" lotu du Jaurlaritzak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Euskal Poliziaren azken txostenaren arabera, Araban 2023an 145 izatetik iaz 206 izatera igaro dira.

2024an sexu erasoak %42 gehitu dira Araban aurreko urtearekin alderatuz, Euskadiko segurtasun publikoaren egoerari buruzko 2024 txostenaren arabera. EAE mailan gehikuntza gehien izan duen lurraldea da: Bizkaian %28 eta Gipuzkoan %26 hazi dira. 

EAEko hiru hiriburuei dagokienez —horietan gertatzen baitira sexu erasoen %50—, Gasteizen %59 handitu dira (%48 Bilbon eta %4 Donostian).

Euskal Poliziaren datuen arabera —Ertzaintza eta udaltzaingoak barne–, oro har, EAEn delitu presentzialak %3 handitu dira, baina, kasu horretan kopurua Araban hazi da gutxien, %0,2 handituz.

Txostenak dio gorakada hori "kopuru beltzaren —salatzen ez direnen kopurua— beherakadaren ondorioa" izan daitekeela, 2022an egindako lege aldaketen ondorioz eta sentsibilizazio kanpainen ondorioz "gizarte kontzientziazioa handiagoa delako". 

Droga trafikoari dagokionez, EAEn %15 handitu dira delituak, —"egiten den presio polizialarekin estuki lotuta"—, txostenak argudiatu duenez. Araban %7 txikitu da portzentajea.

Indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretak ere nabarmen hazi dira gurean: %43 gehiago izan dira (%6 gehiago Gipuzkoan eta %3 gutxiago Bizkaian). Arma zurien konfiskazioaren alorrean, Araban 200 arma atzeman zituzten, horietatik 159 Gasteizen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago