80.000 euro bideratuko dituzte ondare historikoa zaharberritzeko

Juanma Gallego 2025ko mai. 6a, 16:51

Elizmendiko baselizaren erretaularen lehengoratzeak jaso du puntuazio handiena. Argazkia: IREKIA

Arabako tokiko erakundeek aurkeztutako hamar proiektuk aldundiaren laguntza jasoko dute. Armiñón, Kontrasta, Dordoniz, Moraza, Zalduondo edo Bergantzun esku hartzeak egingo dituzte.

Aldundiaren Kultura departamentuak 79.783 euro bideratuko ditu Arabako ondare historiko eta artistikoa kontserbatzeko edo zaharberritzeko tokiko erakundeek aurkeztutako programak diruz laguntzeko.

Orotara, hamar proiektuk jasoko dute aurten aldundiaren laguntza. Kasu gehienetan arteari lotutako esku hartzeak izango badira ere, ebazpenean badaude ere bestelako ezaugarriak dituzten proposamenak.

Armiñongo San Andres elizaren erretaularen zaharberritzeak eramango du diru laguntza handiena: ia 30.000 euroko aurrekontua duten lanen %72 diruz lagunduko du foru erakundeak, 21.594 euro bideratuz. 

Aurkeztutako proiektuen artean teknikarien aldetik puntuazio gehien jaso duen proiektuak 11.995 euroko laguntza izango du: Kontrastako Administrazio Batzarrak Elizmendiko baselizaren erretaula lehengoratzeko proiektuak 11.995 euro eramango ditu, kostu osoaren %80 bermatuz.

Eliza edo baselizekin jarraituz, diruz lagunduko diren beste proiektuak honakoak izango dira: Morazako San Juan elizaren estaldurak (11.469 euro), Dordonizko baselizaren San Andresen eskultura (4.088), Bergantzuko baselizako gurutze bidearen eta zinopariaren multzoa (2.606) eta Antoñanako Landako Ama Birjinaren baselizaren barnealdea (784). Miñao Gutxiko San Bizente elizan agertu diren horma irudien lehengoratzearekin ere jarraituko dute aurten (11.561). 

Bestetik, Asparreneko Udalak 11.471 euro jasoko ditu bere dokumentu funtsa kontserbatzeko, eta Zalduondon 2.698 euro izango dituzte San Adriango eskulturarako. Eltziegoko Udalak eskualdeko janzkera lehengoratzeko proiektuak 1.513 euro jasoko ditu. 

Aurkeztu diren bi proiektu deialditik kanpo geratu dira. Dulantziko Administrazio Batzarrak Aiarako Andre Mariaren baselizako harrizko elementuetarako aurkeztutako proposamena aurrekontutik kanpo geratu da —puntuazio gutxien jaso duenetakoa izan da—, eta Trebiñuko Udalak udaletxeko jauregira sartzeko ateak berritzeko proposamenarekin beste horrenbeste gertatu da; kasu honetan, eskari bat baino gehiago aurkezteagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago