LGTBIQ+ pertsonen eta emakumeen aldeko boleibol txapelketa egingo dute

Erredakzioa 2025ko mai. 5a, 16:44

Gaur aurkeztu dute ekimena, Gasteizen. Argazkia: AFA

Sagardovolley txapelketa "misto eta inklusiboaren" IX. edizioan 125 lagunek parte hartuko dute

Miaukatuz kirol klubaren boleibol txapelketa "misto eta inklusiboaren" bederatzigarren edizioa egingo dute Gasteizko Aranalde kiroldegian hilaren 10ean. Bezperan Alde Zaharretik kalejira egingo dute, txapelketan parte hartuko duten taldeei harrera egiteko.

Orotara 125 lagunek parte hartuko dute. Gasteiz, Zigoitia, Madril, Bilbo, Caceres eta Errioxatik etorritakoak. Kirolaz gain, aurten GMadrid Danza dantza taldea egongo da, LGTBI+ kolektiboko 30 dantzarirekin. Bestalde, Afroyeye GKEarekin lankidetzan arituko dira. Elkarteak Beninen emakumeei mikrokredituak ematen dizkie, besteak beste.

Miakatuz taldeko Maria Gomez Rodriguezekin batera egon dira gaurko aurkezpenean Ana del Val Kultura diputatua, Ana Lopez de Uralde Gasteizko Kirol zinegotzia, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendaria eta Ikusguneko kide Klaudia Ugarte. 

Gomezek azaldu du txapelketarekin bizi nahi duten "gizartea islatuko duen txapelketa bat" nahi dutela, "non inork ez duen galdetu behar bere sexu identitateagatik edo orientazioagatik taldeko kide izan daitekeen".

Miaukatuz 2014an jaio zen, LGTBI+ kolektiboarentzat kirola egiteko espazio segurua eskaintzeko asmoz. Besteak beste, honako helburuak ditu: "gizarteratzea, orientazio sexualen aniztasuna, genero aniztasuna eta tolerantzia sustatzea eta LGTBI+ komunitatearen eskubideak aldarrikatzea kirolean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago