Haurreskoletan izena emateko epea ireki da

Erredakzioa 2025eko apirilaren 30a

Txagorritxuko haurreskola. Argazkia: ALEA

Datorren ikasturtean haurreskola berriak irekitzea aurreikusi da, eta 377 plaza gehiago egongo dira.

Haurreskolak Partzuergoak izena emateko epea zabaldu du, irailetik aurrera seme-alabak eskolatu nahi dituzten familientzat. 2024-2025 ikasturtean jaiotako haurren gurasoek edo legezko tutoreek maiatzaren 10era arte egin ahal izango dute eskaera, aurrez aurre edozein haurreskolatan, edo online, www.haurreskolak.eus helbidean.

Gaur egun, Haurreskolak Partzuergoaren sareak 238 haurreskola ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 180 udalerritan, eta guztira 8.844 plaza eskaintzen ditu 0 eta 2 urte bitarteko hezkuntza aldirako. Datorren ikasturtean haurreskola berriak irekitzea aurreikusi da, gaur egun bederatzi udalerritan garatzen ari diren proiektuei esker. Hala, 377 plaza gehiago egongo dira eskuragarri datozen hilabeteetan.

Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak eskolatze goiztiarrarekiko konpromisoa berretsi dute, berau kalitatezkoa, doakoa eta aukera berdintasuna bizitzako lehen urteetatik bermatzeko asmoz.

Betekizunak

Eskaera bakoitzean gehienez bost eskola ezberdin markatu daitezke, lehentasun ordenaren arabera. Izapidea aurrez aurre egiten bada, lehen postuan aukeratutako haurreskolan bakarrik aurkeztu behar da eskaera. Haurrek, gutxienez, 16 aste izan beharko dituzte haurreskolan hasteko eta gutxienez hamar eskola eguneko egokitze aldia egingo dute.

Maiatzaren 7tik 15era bitartean jaiotzen direnentzat, izena emateko epea maiatzaren 24ra arte luzatuko da. Horrez gain, partzuergoak izena emateko epe berriak irekiko ditu irailetik apirilera bitarte, hilaren 1etik 10era, haurrak hurrengo hileko lehen lanegunean eskolatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago