Arabako Errioxako Kuadrillak ondare ibilbideen edizio berri bat iragarri du, eskualdeko kultura aberastasuna herritarrei hurbiltzeko eta gutxien bisitatzen diren herrien ondarea ezagutarazteko. Gaur abiatuko da udaberriko eskaintza, Labraza eta Moredara egindako bisitarekin. 11:00etan elkartuko dira Labrazako parkingean, hiribildu harresituak ezagutzeko.
Erdi Aroko Arabarekin elkarlanean antolatu dituzte ibilbideak, eta herrietako tenpluak, eraikin zibilak eta askotariko elementu historikoak nabarmenduko dituzte. Doakoak izango dira ibilaldi guztiak, baina aurrez izena eman beharra dago visitriojaalavesa.com webgunean edo 945 600 252 telefonora deituta. Sei ibilbide proposatu dituzte, maiatzetik uztailera, batzuk aurreko urteetan egindakoak, eta beste batzuk berriak.
Maiatzaren 3an Labraza eta Moredako ondarea ezagutzen arituko dira, eta maiatzaren 24an berriz Gorrebusto eta Oiongo testigantza barrokoei erreparatuko diete. Ekainean beste bi ibilaldi egongo dira, 7an Lapuebla de Labarcako artea eta historia lantzeko, eta 28an Buradon Gatzagako erdi aroko hiribildua ezagutzeko plana. Uztailaren 5ean Berberana eta Paganosek erromanikotik errenazimendura egindako pausoaren lekuko izango dira bisitariak, eta uztailaren 19an Lantziegoko "distira historiko-artistikoa" ikustera joango dira.
Mendialdean ere ibilaldiak
Arabako Mendialdean hasiak dira jada ibilbideak egiten, eta lau gehiago egingo dituzte maiatzeko igandeetan, bihar hasita. Maiatzaren 4an Bernedoko karobien eta ikaztegiaren ibilbidea egingo dute, eta 11an Aldako mugarri luzea ezagutzeko aukera izango da. 18an Maeztutik Peñalascincora egingo dute bidea, eta amaitzeko, 25ean, Apilaizko gaztainondoak eta San Kristobal bisitatuko dituzte.
Mendialdeko ekimenetan parte hartzeko ere izena eman beharra dago, 945 405 424 telefonora deituta. Ibilaldi guztiak goizeko 10:00etan abiatuko dira.