Zeinu hizkuntzarako zerbitzu publikoa galdegin dute

Erredakzioa 2025eko apirilaren 30a

Elkarrekin Arabaren irudikoz, erakunde publikoek zerbitzua bere gain hartu behar dute. Argazkia: AFA

Elkarrekin Arabak zerbitzu hori "modu publiko eta zuzenean" kudeatzeko eskatu dio aldundiari.

Elkarrekin Araba batzarkide taldeak zeinu hizkuntzaren interpretaziorako zerbitzu publiko bat eskaintzeko eskatu dio aldundiari. Norabide horretan, mozio bat aurkeztu dute Batzar Nagusietan, eta erakunde horretan Zeinu Hizkuntza Interpreteen eta Gidari Interpreteen Euskal Herriko Elkarteko kideen agerraldia ere eskatu dute. 

Batetik, aldundiari zein Jaurlaritzari galdegin diete zerbitzua "modu publiko eta zuzenean" beren gain hartzeko. Bestetik, interpreteen eskasia konpentsatu ahal izateko neurriak proposatu dituzte. Hala, Hezkuntza Sailari eskatu diote berma ditzala ikastetxeetan behar adina interprete egotea, eta baja medikuak gertatzen direnean, horiek ordezkatzea. Modu berean, Zientzia eta Unibertsitate Sailari proposatu diote profesionalak trabatzeko unibertsitate gradua eskaintzea, gaur egun profesionalak aurkitu eta berritzeko dagoen "arazo larriari" irtenbidea eman ahal izateko. 

"Desgaitasuna duten pertsonen benetako inklusioa bermatzeko, hauek beren eskubideak eta oinarrizko askatasunak baliatu ahal izan behar dituzte bizitzaren esparru guztietan", adierazi dute mozioa aurkezteko idazkian. Eskubide horiek "erabat eta diskriminaziorik gabe gauzatzea dagokien erakunde publiko eskudunen" erantzukizuna dela argudiatu du batzarkide taldeak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago