Ibilaldi irisgarriak egiteko aulki gurpildun berezia erabiliko dute

Erredakzioa 2025eko apirilaren 29a

Haurrek edo 60 kilo baino gehiago ez dituzten pertsonek erabil dezakete aulkia. Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Vital Fundazioak urrian erositako aulkia maiatzetik abendura egingo diren ibilaldietan erabiliko dute.

Maiatzetik abendura ibilbide irisgarriak egingo ditu Vital Fundazioak, horretarako berariaz atondutako aulki gurpildun bati esker. Fundazioak gogora ekarri du "Espainian erosi den lehenengo aulki berritzailea" aurkeztu zuela urrian. Horren bitartez, ohiko gurpil aulkientzat iristeko gaitzagoak diren bidezidorretatik ibiltzeko aukera dute haur ezinduek.

Berez, mendiko gurpil lodi bat duen aulki berezi bati lotutako motxila bat da tramankulua. Horri esker, eta Senderos Accesibles ekimenarekin batera, ingurune naturaletan egiteko ibilbide programazio bat abiatu ahalko du, "guztientzako ibilaldi irisgarriak egiteko", eta behin betiko edo aldi baterako desgaitasunen bat edo mugikortasun urriren bat duten haurren inklusioa bultzatzeko. 

Hainbat elkarteren zein ikastetxeren bidez kudeatuko dira irteerak. Parte hartzen duten elkarteen artean daude ARABARNEE, APDEMA, ARENE, ASAFES, ASPACE eta Mendi Solidarioak. Ikastetxeei dagokienez, irteerak eskola orduetan ere antolatu ahal izango dira, behar adinako malgutasunarekin. Eskaerak egiteko, Vital Fundazioarekin harremanetan jarri behar da, actividades@fundacionvital.eus helbidera idatziz edo 945 064 355 zenbakira deituz.

Gogora ekarri dute aulkia erabiltzeko prestakuntza espezifiko eta praktiko labur bat behar dela, baina, beste aulki batzuekin ez bezala, pertsona bakar batek maneia dezakeela. Haurrek edo 60 kilo baino gehiago ez dituzten pertsonek erabil dezakete egokitutako aulkia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago