Babestutako edukia

Izaera kooperatiboa ariman

Erredakzioa 2025ko mai. 1a, 06:00

RPK kooperatibako euskara batzordeko kide dira Ander Aranzabal, Josu Fontaneda eta Gaizka Gonzalez de Matauko. Argazkia: ALEA

Auto elektrikoak eta doitasunezko medikuntza dira malgukien merkatuan dabilen RPk kooperatibaren hurrengo jomugak. Euskaran eta berdintasunean eragiten jarraitu nahi dute, hainbat proiekturekin.

Orain arte batez ere errekuntza motorrentzako malgukiena izan da RPK kooperatibaren merkatu nagusia, baina etengabeko aldaketan dagoen munduan, merkatu hobi berriei begira ikerketa eta garapenean lanean ari dira: auto elektrikoetan eta doitasunezko medikuntzan.

"Auto elektrikoen kasuan, kontaktu elektrikoak egiteko busbar izeneko piezak behar dira", azaldu du Gaizka Gonzalez de Mataukok. "Hor mundu berri bat dago, eta bezeroekin batera horiek garatzen ari gara". Esku artean duten bigarren erronka nagusia RPK medical da. "Malguki oso txikiak dira bertan erabiltzen direnak. Esate baterako, ebakuntzak egiten dituzten robotetan, gorputzaren barruan sartzen diren gailuetan — kateterrak edo taupada markagailuak— edota xiringa autoinjektagarrietan".

Eraldaketa sozial, euskara eta berdintasun batzordeak dituzte kooperatiban

Doitasunezko malgukien alorrean soberako esperientzia dute, aspaldikoa baita kooperatibaren presentzia gurean: 1974. urtean Eibarren lan egiten zuten hogei bat lagunek erabaki zuten Gasteizen proiektua abiatzea. "Lehen urteak oso zailak izan ziren, baina Laboral Kutxaren laguntzari esker proiektua aurrera ateratzea lortu zuten", gogora ekarri du Fontanedak. Ordudanik kooperatiba asko hazi da: Gasteizen 250 lagun inguruk egiten du lan—800 batek, munduan—, eta, hemengo lantegia ez ezik, Errioxan, Tarragonan, Mexikon, Indian eta Txinan lantegiak dituzte. Merkatu gehiena atzerrian duten arren, argi dute non kokatuta dauden, eta langile andana izateak ez du moteldu izaera kooperatiboa. Eraldaketa sozialerako batzorde bat daukate, eta handik abiatu dituzte euskara eta berdintasun batzordeak. Alor horietan askotariko ekimenak sustatzen ari dira. "Euskara batzordean sei edo zazpi lagun gaude, eta RPK euskalduntzea lortu nahi dugu", esan du Ander Aranzabalek. Barrura zein kanpora begirako ikuspegia dute.

Euskara eta berdintasuna

"Batetik, kooperatibaren barruan euskaraz hitz egiteko espazio segurua izatea nahi dugu. Bestetik, ahal den heinean, enpresara batuko diren langile berriak euskaldunak izatea nahi dugu". Norabide horretan, Lanabes bezalako ekimenekin lan egiten ari dira. "Hor konturatu ginen jardun horretan gaudenon artean gu garela enpresa industrial bakarra, eta, hortaz, ardura handia dugula eredu izateko", adierazi du Fontanedak. Besteak beste, ziurtatu nahi dute praktikak egingo dituzten gazteek aukera izango dutela horiek euskaraz egiteko. "Momentuz, ikusi dugu guztiz egiteko ez daukagula formatzaile euskaldun nahikorik, baina sartuko diren gazte euskaldunak izango dira etorkizunean formazio hori bermatuko dutenak", aurreratu du Fontanedak. Berdintasunari dagokionez, besteak beste, duela hainbat hilabete RPK-Udapa nesken txirrindularitza taldea sustatu dute, kirolean ere eraldaketa eta kooperazioa bultzatu nahian.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago