Emakumeek historian izan duten rola nabarmendu, eta beren ekarpenak berreskuratzeko beharra azpimarratu du Isabel Mellen historialariak 2025eko Arabako Jaiak iragartzeko pregoian. Horretarako, berdintasunaren aldeko narratiba historiko askotarikoa eta partekatuaren aldeko aldarria egin du.
Bide beretik, historialarien garrantzia mahai gainera eraman nahi izan du Mellenek, gehienetan "lan nekeza" egiten baitute, aitortza gutxi jasoz. Halere, lan hori "nahitaezkoa" da gaur egungo garaiei zentzua emateko. Gogora ekarri du etengabeko berrikuspena behar duen diziplina dela historia, datu, perspektiba eta galdera berriak behar dituelarik. Norabide horretan, bereziki emakumezkoek "diskurtso historiko hegemonikoari" aurre egiteko dituzten zailtasunak azpimarratu ditu adituak, historikoki diskurtso horrek emakumeak "isiltasunera edo ikusezintasunera" kondenatu dituelako. Horiek ez ezik, bestelako kolektiboak aipatu ditu: "emakumeak, LGTBIQ+ kolektibokoak, pertsona arrazializatuak, desgaitasuna dutenak, umeak adinekoak...".
Bere ikerketa ildo nagusian oinarrituz, emakumeek matronasgoaren bidez artea eta ondarea nola sustatu zituzten azaldu du Mellenek. Besteak beste, emakumeek ondarean utzitako arrastoa nabarmendu du, hala nola Estibalizko eta Armentiako basiliketan. Estibalizen, Toda eta Maria Lopezek —ama-alabak— erromanikoa Arabara ekartzeko izan zuten rola goraipatu du. Armentian, emakumeen irudikapenak ugalketa eta emankortasunaren garrantzia erakusten dutela azaldu du, bai eta haurdunaldiaren eta erditzearen arriskuak ere.
Margaret Mead antropologoaren ideiari tiraka, gizateriaren ezaugarri funtsezkoenetako bat zaintzaren bidez islatzen dela aipatu du, eta, zentzu horretan, emakumeek historian zehar zaintza eta ugalketa lanetan egindako ekarpenak funtsezkoak izan direla azpimarratu du.
Bestetik, eta jai bezperako pregoia izanik, tradizioek bizitza antolatzeko duten garrantziaz hitz egin du, besteak beste "komunitatearen kohesioa" sustatzeko aukera ematen dutelako. Baina horiek egokitzeko beharra ere azpimarratu du. "Luzaroegi, tradizio baztertzaileak izan ditugu, non pertsona guztiak ez ziren ongi etorriak, edo ez zitzaien uzten parte hartzen baldintza berdinetan". Horren aurrean, orain "guztiontzako festak egiteko garaia" dela aldarrikatu du.