San Prudentzio

100 urtez erretreta Aldundian

Erredakzioa 2025eko apirilaren 27a

21:00etan entzungo da Probintzia plazan erretreta; goian, 2000. urtekoa. Argazkia: PHOTOARABA

Bederatzi aldiz entzungo dira erretreta doinuak, hamabost minutuan behin, San Prudentzioko jaiari deituz.

San Prudentzio eguna gainean dugula, festa giroan sartua dago Araba, eta bezperako erretreta galdu ezineko zita da arabar askorentzat. Aurten ere, apirilaren 27an, Plaza Berria eta Probintzia plaza beteko dituzte turuten doinuek, garrantzia berezia izango duen urteurren batekin, gainera. 100 urte beteko dira aurten tronpetari eta atabalariek Probintzia jauregitik jotzen dutela.

Bederatzi aldiz entzungo dira erretreta doinuak, hamabost minutuan behin, San Prudentzioko jaiari deituz. 20:00etan hasiko da Plaza Berrian, eta 21:00etan izango da ekitaldi jendetsuena, Probintzia plazan erretreta jotzen hasten direnean.

Erretreta deien artean emanaldi ugariz gozatzeko aukera izango da, Udalaren Folklore Akademiak, Arabako Gazte Abesbatzak, Down Araba-Isabel Orbe elkarteko dantzariek eskainita, besteak beste. 22:00etan amaituko da erretreta, piroteknia eta musika uztartuko dituen ikuskizun batekin.

Jatorri ezezaguna

1644. urtetik ospatzen da apirilaren 28an San Prudentzio jaia Araban. Hala ere, erretretaren jatorria non dagoen inork ez daki. 1925etik Probintzia plazan jotzen da, baina Plaza Berrian lehenagotik ere jotzen zen. Erdi Arotik datorrela diote batzuek, beste batzuek Napoleonen garaiko martxa militar batean ikusten diote jatorria, baina oraindik ez da argitzea lortu.

Noiz hasi zen jakin ez arren, dakiguna da jaiegunen bezperetan jotzen zela erretreta, herritarrei jakinarazteko Gasteizko harresiak itxi egingo zirela, gorde zitezen. Behin baino gehiagotan errepikatzen omen ziren deiak, Gasteizko Udalaren esanetan, "jendeak ez zuelako etxera itzuli nahi izaten". Bidean galduta gelditu zen erretretaren tradizioa, eta 1879an berreskuratu zuten ohitura. Ordutik gelditu da lotuta San Prudentzioren omenezko jaiaren bezperarekin, apirilaren 27arekin.

Erretreta eta danborradarekin lotzen da egun San Prudentzio bezpera, eta danborradak ere urteurren borobila du aurten, 50 urte baitira Donostiatik ekarri zutela. 1879an erretreta berreskuratu eta Arabako patroiarekin lotu zenetik musika doinu berbera entzun da apirilaren 27an, ordutik mantentzen baita partitura bera. Aurrerago, Venancio del Val kazetari gasteiztarrak jarri zion letra gaztelaniaz.

Euskarazko bertsioa, aldiz, Olabide ikastolako irakasleek sortu zuten. Ikastolan jaia ospatzekoak ziren, eta euskaratu egin zuten letra, haurrekin abestu ahal izateko. Gurasoen artean banatu zuten letra hori, eta Probintzia plazan abestu zuten, erretretaren doinuarekin. "Tuntunarekin turuten doinua; gure zaindariaren eguna (berriz). Arabatarrok egun honetan elkartzen gara alaitasunez ospatutzeko...".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago