Arabako domina

Lezama gogoratuko dute

Erredakzioa 2025eko apirilaren 28a

Joan den urtarrilean hil zen Luis de Lezama apaiza. Argazkia: WIKIPEDIA

Arabako Dominak Luis de Lezama apaiz, enpresari eta kazetaria nabarmenduko du. Hil ondoren egingo dio aitortza Arabako Aldundiak, apirilaren 28an egingo duen ekitaldiarekin.

Arabako Dominak joan den urtarrilean zendu zen Luis de Lezama apaiz, kazetari eta enpresariak egin zuen ibilbidea nabarmenduko du aurten. Aldundiak abenduan iragarri zuen aitortza, bereziki, "lana eta prestakuntzaren bidez,  pertsona zaurgarrienekin izan zuen inplikazioagatik", eta hala azpimarratuko dute hilaren 25ean egingo duten ekitaldian ere. Lezamaren omenez, Pedro anaiak eta Jon Urrutia Palacio haren fundazioko lehendakariak jasoko dute domina.

Lezaman jaioa (Amurrio), 1936an, bertan bizi izan zen Bilboko Indautxuko Jesuiten ikastetxean batxilergoko ikasketak amaitu zituen arte. Orduan, Araba utzi eta Madrilera joan zen. Comillaseko Unibertsitateko ICAI ingeniaritza goi eskola teknikoan hasi zituen goi mailako ikasketak. Erlijio bokazioa zuela eta, ordea, 1955ean, Madrilgo Elizbarrutiko Seminarioan sartu zen, eta Teologia eta Filosofia ikasi zituen. Hamar urte geroago apaiztu zen, eta Amurrioko Santa Maria parrokian bere lehen meza ospatu zuen.

"Langilea, sutsua eta berritzailea, eta berezko gaitasuna duena borondateak batzeko eta abiatu dituen proiektu ugarietan besteak inplikatzeko". Hitz hauekin nabarmendu ditu Foru Aldundiak Luis de Lezamaren dohainak. "Merezi duen aitortza egingo diogu dominarekin; ibilbide nabarmenagatik, prestakuntzaren eta lanaren bidez pertsona behartsuenekin lan egin eta inplikatzeagatik", azpimarratu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak.

Aldunditik gogoratu dutenez, Iruraitz Lezama Fundazioaren eta Lezama enpresa taldearen bitartez, "baliabide urriak dituzten gazteen lan aukerak sustatzen lagundu zuen, izaera sozialeko enpresa eredu bakarraren bidez". 1974an, Madrilen, Alabardero taberna sortu zuen, Lezama taldearen lehena izango zena, gizarte ekonomiako enpresa eredu berritzaile baten abiapuntu. Geroztik, 22 jatetxe sortu zituen, gazteei lan aukerak eta prestakuntza eskaini dizkietenak. Horien artean, AEBetan ere badira batzuk, eta bere jaioterrian bertan, Lezaman, Iruraitz baserria eraberritu zuen jatetxe eta landetxe bilakatzeko.

Lan horiek apaiz lanekin uztartu zituen. Madrilgo Elizbarrutiko Seminarioan hainbat kargu izan zituen, eta Vicente Tarancon kardinalaren idazkari izendatu zuten, funtsezko figura Espainiako Estatuko trantsizioan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago