Enplegu anezken iraupena luzatu dute

Erredakzioa 2025eko apirilaren 24a

Orain arte 470 arabar inguruk parte hartu dute anezketan. Argazkia: AFA

Bost hilabete eta erdikoak izango dira aurten Gasteizen eta Laudion egingo diren anezka berriak.

Langabezian dauden laurogei arabarri laneratzen laguntzeko hiru enplegu anezka martxan jarriko dituzte aurten Gasteizen eta Laudion, ekimenaren bederatzigarren edizioarekin batera. Hiriburuan bi izango dira, eta Laudion, hirugarren bat. Aurten talde horien iraupena bost hilabete eta erdikoa izango da. 

Aldundiak, Santa Maria la Real fundazioak eta Iberdrola España fundazioak sustatzen duten ekimenean orain arte 470 arabarrek baino gehiagok parte hartu dute 2016tik. Aldundiak zabaldutako datuen arabera, %60 inguruk besteren konturako lanpostu bat aurkitu dute, negozioa martxan jarri edo lan praktiken bidez profesionaltasun ziurtagiriak lortu dituzte. Alabaina, oharrean ez dute zehaztu alor bakoitzaren portzentajea zein izan den. 

Cristina Gonzalez Enplegu diputatuak adierazi du programak "berritze garrantzitsu" bat izan duela bederatzigarren edizioarekin batera, eta, modu horretan, parte hartzaileek "lan merkatuaren azken joeretara egokitzeko" aukera izango dutela. 

Gasteizkoak formatu erdipresentzialekoak izango dira. Batetik, 'enplegu anezka aktibo' izeneko bat izango dute, langabezian dauden pertsonen talde heterogeneo batek osatuta. 'Aireratzen enplegu anezka' izenekoa, berriz, egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonentzako da, eta gizarte inklusiorako arreta espezializatua jasoko dute. Laudiokoaren kasuan, aktibo motakoa izango da. Izena eman daiteke hubsempleabilidad.com webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago