Araban 1958an hartutako ortoargazkia erantsi diote geoEuskadi bisoreari

Erredakzioa 2025ko api. 24a, 09:28

Murgiaren erdigunea, 1958ko argazkian. Argazkia: IREKIA

3.839 fotogramatatik abiatuta eratu dute bisorearen geruza berria, duela sei hamarkada baino gehiago paisaia nolakoa zen erakusteko.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Lurralde Informazioko Zerbitzuak 1958ko ortoargazki bat digitalizatu eta geoerreferentziatu du. Modu horretan, aukera dago duela sei hamarkada baino gehiago lurraldea nolakoa zen arakatzeko. CETFA enpresaren hegaldi fotogrametriko batetik ateratako irudi historikoa da, eta geoEuskadi plataforman dago eskuragarri. Iragarri dutenez, tresna hori "funtsezkoa" izan daiteke "lurraldearen bilakaeran interesa duten historialari, hirigile eta herritarrentzat".

Data aintzat hartuta, lursailen kontzentrazioaren eta urbanizazio modernoaren aurretik zegoen paisaiaren ikuspegi zehatza ematen du geruza berriak. "Gasteizen kasuan, 1958ko ortoargazkiak erakusten du hirigune trinkoagoa eta hirigintza hedapen txikiagoa duen hiria; irudi hori ez dator bat gaur egun ezaugarri duen hazkunde planifikatu eta jasangarriarekin", azaldu du  Lurralde Plangintzako zuzendari Mikel Gargallok.

Jatorrizko hegaldi fotogrametrikoa 1957 eta 1958 bitartean egin zen, eta 3.839 fotograma ditu, 1: 10.000 eskalan. Horiek eskaneatu dira, eta aerotriangulazio eta ortozuzenketa teknikekin tratatu dira. "Prozesu horri esker, amaierako ortoargazkiak 25 cm-ko bereizmena du, eta garaiko paisaiaren irudikapen zehatza eta fidela ziurtatzen du", erantsi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago