Solariak Lubinaotik gertuen zeuden plakak proiektutik kendu ditu

Erredakzioa 2025eko apirilaren 23a

Vitoria Solar 2 proiekturako aurkeztutako mapa berritua. Argazkia: Indarberri SL

Gasteiz eta Burguko udalerriak hartu asmo dituen Vitoria Solar 2 proiektuan moldaketak egin ditu Solariak, eta berriz abiatu du Foru Aldundiaren baimena jasotzeko hirigintza prozedura.

Vitoria Solar 2 proiektu fotovoltaikoa burutzeko beste aukera bat izango du Solariak, izapideak abiatu baititu aldundiaren onespena jasotzeko, gaur Arabako aldizkari ofizialean argitaratu denez. Aldundiak ezezkoa emana zion proiektuari, eta moldaketa batzuk eginda berriz aurkeztu dute tramiterako.

Gasteizko Udalaren txostenek aurreko proiektuari aurre egin zioten, ez zituelako baldintzak betetzen, ingurumenean gehiegizko kaltea egingo zuela argudiatuz, eta herritarren bizilekuetatik gertuegi zegoelako. Oraingoan, Gasteizko Udalaren hirigintza planean ezarritako baldintzak betetzeko, lehendik proiektatuta zeuden eguzki plaka batzuk kendu ditu proiektu berritik, zehazki, Lubinao kontzejutik gertuen dauden bi partzelak.

Izan ere, Gasteizko Hirigintza Plan zaharrean 500 metroko distantzia eskatzen zen fotovoltaikoetatik herriguneetara, eta EAEko berriztagarrien planak ere hala zehazten du, nahiz eta Gasteizko HAPO berrian 300 metrora jaitsi den eskakizuna, EAEkoarekin kontraesanean.

Proiektu publiko-pribatua

Eusko Jaurlaritza ere badago proiektu honetan sartua. Ofizialki Indarberri SL da baimena eskatu duen enpresa, Solariak eta Energiaren Euskal Erakundeak batera sortutako enpresa publiko-pribatua, Jaurlaritzaren %30eko parte hartzea duena. Enpresak aurkeztutako planetan, plaka batzuk kendu badira ere, oraindik herrigune batzuetatik gertuegi daude, Lubinaotik esaterako, nahiz eta lehen baino urrunago egon.

Tramiteak abiatu diren honetan, Burgu eta Gasteizko udalek bi hilabete dituzte orain hirigintza aldetik proiektuari leku egingo dioten plan bereziak sortzeko. Ez badute akordiorik lortzen Arabako Foru Aldundiaren esku geldituko da lan hori.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago