Uda honetarako Araban gutxienez hamar adingabe ukrainar hartzera iritsi nahi du Chernobil elkarteak. Orotara, uda honetan EAEn eta Nafarroan 100 bat harrera egingo dutela aurreikusi dute, eta beste 50 bat Gabonetan egongo dira gurean.
"Egia esanda, eta ahalegintzen garen arren, Araban gehiago kostatzen zaigu harrerak lotzea, eta ez dakigu zergatik", azaldu du elkarteko kide Marian Izagirrek. "Araban zenbakiak nahiko genukeena baino baxuagoak dira. Uda honetarako gutxienez hamar adingabe jasotzera iritsi nahiko genuke".
Errusiar Federazioak Ukraina inbaditu zuenetik ia erdira jaitsi dira harrerak, gerra aurretik udan 200 bat eta Gabonetan 100 bat izan ohi zirelako. Horrek ez du esan nahi, ordea, elkartasuna ahuldu denik. Kontrara, Izagirrek azaldu duenez, arrazoia da orain ume horietako asko Euskal Herrian daudela, iheslari gisa aterpe hartura. "Gerrarekin, familiek bat egin zuten ukrainarrekin; horrek erakutsi du harrera programetan sortu diren loturak oso indartsuak direla", adierazi du.
Laguntzako interesa agertu ahal duten pertsona eta familiei dei egin diete konpromiso gabe informazioa jasotzera. "Ordubete edo ordu eta erdi inguruko bilera presentzial bat egiten dugu, haurren harreraren gainean jakin beharreko guztia kontatzeko. Agiriak, laguntza pertsonala, inguruan diren giza baliabideak, haurrak nondik datozen, zer egiten dugu udan eta uda ostean ere…". Dioenez, gero maila partikularrean ere gaia lantzen dute, familia bakoitzaren prestutasunaren eta ezaugarrien arabera.
1995ean hasi zen elkartea, eta handik urtebetera jaso zituzten lehen haurrak. Ordudanik, etengabean lanean egon dira, pandemiako bi urteetan izan ezik. Elkartearekin harremanetan jartzeko 670 419 078 telefono zenbakia eta chernobil@asociacionchernobil.info posta elektronikoak eskura daude.