Arabako barometro soziologikoaren emaitzak plazaratu du Foru Aldundiak. Ondorioen artean, herritarren kezka nagusiak zein diren azaldu dute. Inkeskatutako pertsonen bat-bateko erantzunetan etxebizitza izan da aipatutako kezka nagusia, ondoren, urrutiago, segurtasunik eza eta delinkuentziarekin loturiko gaiak, eta jarraian industria eta lanarekin lotutakoak.
Arazo hauek aipatu badira ere, nota ona eman diote arabarrek lurraldeko bizi kalitateari, 7,6koa. Ekonomiaren egoerari 6,16ko puntuazioa eman diote, eta AHTa Gasteiza heldu beharko litzatekeen galdetuta, hamarretik zazpik esan dute "abantailatsua" litzatekeela Arabara heltzea. Zergei buruz galdetuta, erdiak baino gehiagok (%55,9ak) esan du zerga gehiago ordaintzeko prest legokeela zerbitzuak hobetzearen truke.
1.100 elkarrizketa egin dituzte telefonoz Gizaker enpresako langileek, aldundiaren eskariz. Energia berriztagarriez ere galdetu diete inkestan, eta galdetutakoen hiru laurden energia berriztagarri gehiago sortzearen eta bultzatzearen alde agertu dira, energia fosil tradizionalen ordez. "Oso premiazkoa" da berriztagarriak bultzatzeko beharra %54,5aren ustez, eta %16,6k esan dute ez dela oso premiazkoa. Aldundiaren agirian ez dute argitu egungo proiektu berriztagarrien aldekoa den jarrera, edo orokorrean berriztagarrien aldekoa, baina horrela ez.
EAJ buru Batzar Nagusietan
Hauteskunde prospekzioa ere egin dute inkestan, Arabako Batzar Nagusietarako emango luketen bozari buruz galdetuz. Emaitzen arabera, EAJ litzateke buru botoen %27,9a eta hamasei eserlekurekin (azken hauteskundeetan %26,3a eta hamabost eserleku), eta jarraian EH Bildu izango luke, bozen %25,8 eta hamalau eserlekurekin, bozetan igota baina eserleku gehiago gabe.
Ondoren etorriko lirateke PSE-EE (%18,4, bederatzi eserleku), PP (%15,1, zortzi eserleku) eta Elkarrekin Podemos (%5,5, bi eserleku), hiruek galduko lituzkete bozak inkestaren arabera. Vox alderdiak, aldiz, gora egingo luke, botoen %3,1etik %4,3ra, eta bigarren eserlekua ere eskuratuko luke Batzar Nagusietan.