ALEAren webguneko argazki eta multimedia eduki batzuk kargatzeko arazoak izaten ari dira erabiltzaileak, eta Espainiako Futbol Ligan dago arazoaren jatorria. LaLiga elkarteak neurri judizial bat sustatu zuen, zuzeneko partiduak modu piratan ikustea ekiditeko eta bere etekin ekonomikoak babesteko.
Ebazpen judizial horren ondorioz interneteko hornitzaileak behartuta daude Ligako partiden bitartean IP helbideen tarte zabal bat blokeatzera, eta horrek ALEAren webguneari ere eragiten dio. Gaur Real Madrilen partidua dago, eta blokeoak iraun egingo du futbol emanaldia amaitu artean gutxienez.
Espainiako Estatuko 160.000 webgune inguru kaltetzen ditu blokeoak, futbolarekin loturarik ez badute ere, eta Tokikom sareko hedabide guztiei eragiten die, baita Berriari edo Egunean Behin aplikazioari ere, adibidez.
ALEAk barkamena eskatu nahi dizue blokeoak kaltetutako erabiltzaile guztiei. CodeSyntax enpresako teknikariak, ALEAren mantenua egiten dutenak, lanean ari dira arazoari aurre egiteko eta eragina ahal beste gutxitzeko, baina "ez dago alternatiba tekniko askorik ebazpen judiziala aldatzen ez den bitartean". Ordura arte VPN zerbitzuren bat erabiltzeko aukera dago, Espainiako Estatutik kanpotik sartuko balira bezala egiteko, eta blokeoa saihesteko.