Badatoz Poetak Maiatzean

Erredakzioa 2025ko api. 15a, 19:57

2025eko Poetak Maiatzean jaialdiaren aurkezpena. Argazkia: AFA

Nazioarteko Poesia Jaialdiaren XIII. edizioa izango da, eta 90 jardueratik gora egingo dira Araba osoan. Paco Ibañez, Itxaro Borda, Antton Valverde eta Isabel Martin egongo dira aurten, besteak beste.

Hunkitu Arte elkarteak Poetak Maiatzean jaialdia antolatu du aurten ere, hamairugarren aldiz, Nazioarteko Poesia Jaialdia. Elisa Rueda poetak sortua, Gasteizen eta Araban poesia zabaltzeko asmoz antolatzen da urtero, publiko guztientzat. 70 jardueratik gora egingo dira Gasteizen, eta 20 baino gehiago Arabako herrietan.

Egitarau osoa ikus daiteke jaialdiaren webgunean. "Jaialdi bakarra da munduan", antolatzaileen arabera, hilabeteko iraupenagatik eta lurraldearekin duen konpromisoagatik. Araba osoko kolektiboek jartzen dute ahotsa artista gonbidatuekin batera, "poesia herrien arteko ardatz gisa erabiliz".

Artista entzutetsu asko izango dira Araban maiatzean zehar. Paco Ibañez eta Antton Valverdek emanaldi bateratua egingo dute, eta Estrella Morente abeslariak bere lehen poema liburua aurkeztuko du. Sheila Blancok Latinoamerikako artista ugariren poemak abesti bihurtuta ekarriko dizkigu, eta Isabel Martinen errezitaldian andaluziar kulturako kantekin uztartuko ditu poemak, buleria, tanguillo, alegria, eta beste askorekin.

Gainera, ohiko kolektiboez gain, aurten Triple Paso akademiak, Gasteizko Udal Bandak eta hainbat liburu eta loradendak ere hartuko dute parte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago