Eguraldi kaskarrak segida izango du: gaur zerua oso hodeitsu egongo da, eta zaparrada ugari botako ditu. Horiek izaera trumoitsua har dezakete, eta inoiz txingor moduan ere eman daitezke. Eolo ipar-mendebaldetik ariko da, eta bolada gogorrak izango ditu. Termometroei dagokienez, tenperatura maximoetan igarriko da aldaketa gehiena, dezente jaitsiko direlako: Gasteizen 3 eta 13 gradu arteko aldea izango dute.
Bihar goizean, lanbroa altxatuta, Eguzkia ikusiko dugu, baina arratsaldean beste behin hodeiak trinkotuko dira, eta gau partean zaparradak izan ditzakegu. Eolo indartsu ibiliko da, mendebaldetik. Minimoak are beherago egongo dira, eguneko tartea 1 eta 14 gradu artean geratuko delarik.