Tentsioa EAJ eta PSEren artean AHTaren loturagatik

Erredakzioa 2025ko api. 14a, 17:57

Cristina Gonzalez, Eneko Andueza eta Maider Etxebarria kanpaina amaierako ekitaldian. Argazkia: PSE

Pradalesek EAE eta Nafarroako AHTak Gipuzkoatik lotzearen alde egin zuen igandean. Anduezak eta Etxebarriak txosten teknikoei itxaroteko eskatu diote.

Imanol Pradales lehendakariak igandean El Diario Vasco egunkariari emandako elkarrizketa batean adierazi zuen Jaurlaritzak Ezkio-Itsasoko aukera hobesten duela Nafarroa eta EAE lotuko dituen Abiadura Handiko Trenaren biderako, Gasteizko aukeraren ordez. Lehendakariaren esanetan 2018an erabaki zuten Gipuzkoako ibilbidearen alde egitea, eta apustua mantentzen dutela esan zuen.

Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak lehendakariari kritika egin dio gaur, eta zuhurtzia eskatu dio, oraindik aurkeztu gabe dauden txosten batzuek zehaztuko baitute zein den ibilbide egokiena, sozialistaren ustez. Pradalesek ere adierazi zuen oraindik "aukera guztiak" aztertu behar direla, eta txosten "erabakigarriak" iristeke daudela.

Anduezak Pradalesi leporatu dio Gipuzkoako EAJren bozeramaile gisa aritu izana Ezkio-Itsasoko aukeraren alde egitean, eta "nahasketa sortzen" aritzea ere leporatu dio. Espekulazioari biderik ez emateko tentuz jokatu beharra aldarrikatu du. Anduezaren jarrera zuhurra ez da berria, PSE-EEko bere alderdikideei ere gauza bera eskatu zien Anduezak duela aste batzuk, Gasteizko aukeraren alde egin zutenean Javier Hurtado Arabako liderrak eta beste sozialista batzuek. 

Pradalesen hitzei aurka eginez, Anduezak adierazi du Jaurlaritzaren jarrera ofiziala Espainiako Ministerioaren txostenei itxarotea dela, eta "Espainia eta Nafarroako Gobernuekin batera" erabaki bat hartzeko. Pradalesek, aipatutako elkarrizketan, esan zuen EAEko mapa goitik begiratuz gero, "orografia aintzat hartu gabe", argi ikusten dela Gipuzkoakoa dela aukera onena. Anduezak adierazi du orografiatik aldentzeak zentzu komunetik aldentzen gaituela, lurraldearen orografia delako baldintza nagusietako bat halako proiektuetan.

Etxebarria Gasteizen alde

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak ere txosten teknikoei itxaroteko beharra nabarmendu du, ikusteko zein den aukera bideragarriena bai ekonomikoki zein ingurumen aldetik. Hala ere, adierazi du espero duela txosten horiek esatea Gasteizko ibilbidea dela jasangarriena.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago