Muga zergen aurrean defendatzeko bulegoa iragarri dute

Erredakzioa 2025ko api. 11a, 16:09

Iaz AEBetan 370 milioi saldu ziren —esportazioen %4–. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Kanpoan saldutako produktuen %4 baino ez doaz AEBetara. Hodien eta ardoen alorrean egiten dira esportazio gehienak.

Donald Trump AEBetako presidenteak iragarritako muga zergei aurre egiteko bulego bat martxan jarriko du aldundiak, gaur enpresariekin izandako bilera baten ostean iragarri dutenez. Hala, Arabako Ganberan Muga Zergen aurkako Defentsarako Bulego izenekoa abiatuko dute,"edozein enpresak gai horri buruzko aholkularitza jaso ahal izateko eta zer neurri izan ditzakeen jakiteko", Ramiro Gonzalez diputatu nagusiaren hitzetan.

Aldundiko ordezkarien, Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberaren eta SEA Arabako Enpresak elkartearen arteko bilera batean adostu dute gaur egoerari "erantzun bateratua" emango diotela. Diputazioak horren gaineko xehetasun gehiagorik eman ez duen arren, aurreratu du gaiaren bueltan neurri sorta bat prestatzen ari direla, modu "proportzional ete koordinatuan".

Hainbat daturekin jarri dute egoera testuinguruan. Horien arabera, iaz lurraldeko enpresek 9.150 milioi eskuratu zituzten esportazioei esker, eta saldutakoen % 43k Alemania, Frantzia edo Italia izan zuten helmuga. Orotara, Europako Batasunera doaz produktuen %66. AEBetan 370 milioi saldu ziren —esportazioen %4–. 

Sektoreka, ardoarena eta hodeiena izan daitezke kalte gehien jasoko dutenak. Ardogintzari dagokionez, esportazioen %12 hara joan ziren —31 milioi euro—. Ardoetarako kapsulen kasuan, kanpora bidalitakoen %40 AEBetara joan ziren, 24 milioi euro ingururekin. Hodiei dagokienez, salmenten gaineko datu zehatzik ez dute eman, baina diputazioak dio Arabako esportazioen %35 hodiak direla. Automozioaren kasuan, balizko eragina "hasieran aurreikus zitekeena baino neurritsuagoa izan" daitekeela dio foru erakundeak, uneotan esportazioen %1,8 baino ez doazelako hara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago