Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sindikatuen "blokeo jarrera" kritikatu du, eta eskola publikoan "hobekuntzak geldiaraztea" helburu dutela dio. Atzo STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek maiatzerako iragarritako bost eguneko greba jarraia "onartezintzat" jo du Maria Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, "euskal eskola publiko osoari mesede egingo liokeen akordio baterantz aurrera egin beharrean". Babestu du Jaurlaritzaren proposamenak "hobekuntzak ekarriko lituzkeela" ikastetxeen jardueran.
"Hezkuntza Sailak baliabide gehiago proposatu ditu ikasleen ongizate emozionalari hobeto erantzuteko, iritsi berri diren ikasleen euskararen ikaskuntza indartzeko eta emaitzak hobetzeko", esan du Pedrosak. Horren aurrean, sindikatuak "soldata igotzea eskatzen" ari direla dio.
Sailak bere proposamenaren nondik norakoak helarazi dizkie hedabideei, 11 puntutan sailkatuta. Besteak beste, agiriak aniztasuna edo euskara indartzeko "baliabideen gehitzea" aipatzen du, irakasleentzako lan ordutegia murriztea, "burokrazia gutxitzea", erretiroaren aurreko lanaldia eta orduak murriztea, "baimenak eta lizentziak hobetzea", zuzendarien soldata eta osagarriak %30 hobetzea eta ikasturte honetarako soldatak %2 igotzea, hezkuntza konplexutasun handiko edo oso handiko indizea duten irakasleei beste %2 gehigarria igoz.