Bi greba egun egin dituzte asteon Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetako langileek, eta mobilizazioak izan dira lan baldintza duinak jasoko dituen lan hitzarmen baten alde. Asteazkenean, kalejira bat egin dute Gasteizko Albertia Campus egoitzatik Probintzia plazaraino; gaur goizean, berriz, kotxe karabana bat egin dute, eta arratsaldean manifestazio nagusia eginen dute, Babesgabetuen plazatik.
ELAk eta LABek gogoratu dute aldundiak akordiorako proposamena aurkeztu zuela orain dela bi aste, "proposamen partziala eta eskasa" sindikatuen aburuz, eta horren aurrean beste proposamen bat egin dutela. Kontraproposamen hori aldundiari berari eta patronalari igorri diote sindikatuek, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Hortaz, "pilota" aldundiaren eta patronalen teilatuan dagoela nabarmendu dute langileen ordezkariek. "ELAtik eta LABetik argi eta garbi diogu ez dugula onartuko prekarizatuta dagoen sektore honen lan baldintzak hobetuko ez dituen hitzarmen bat. Bada garaia zaintza lanak benetan aitortzeko eta sei urte baino gehiago borrokan daramaten langileen lan baldintzak hobetzeko".