Astebeteko greba iragarri dute irakaskuntzan

Erredakzioa 2025ko api. 10a, 13:19

Orain arte bederatzi greba egin dituzte, urtarriletik. Argazkia: ALEA

Maiatzaren 12tik 16ra deitu dute greba STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek. Jaurlaritzak "negoziaziorako aukera baztertu" duela diote.

STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek adierazi dute atzo Jaurlaritzak aurkeztu dien proposamena ez dutela sinatuko, eta, ondorioz, "greba dinamikarekin aurrera egitea besterik" ez dutela. Hala, urtarriletik egin diren bederatzi greba egunei orain maiatzean astebeteko greba gehituko dietela jarri dute mahai gainean, hilaren 12tik 16ra.

Sindikatuen arabera, joan den asteko azken bileran Hezkuntza Sailak negoziaziorako egutegia baino ez zien aurkeztu, eta atzo arratsaldean helarazi zien proposamenak ez die "erantzun egokirik eman" aldarrikatutako edukiei. Diotenez, "zehaztapen eta bermeak falta" dira. Are, sindikatuek diote Hezkuntza Sailak "ultimatum" gisa aurkeztu duela proposamena, "negoziaziorako aukera baztertuz".

Besteak beste, "gero eta handiagoak diren lan zamak arintzeko neurri zehatzak" eskatu dituzte: erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, plantillak berritzeko plana garatzea, "galdutako erosahalmena berreskuratzea" eta ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa "bermatzea eta lanpostuak egonkortzea". Hezkuntza publikoko "sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak" abiarazteko ere eskatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago