Martin Fiz maratoiaren XXII. edizioak 4.000 atleta baino gehiago elkartuko ditu Gasteizen igandean, maiatzaren 11n. Atleten kopurua %25 handiagoa izango da, eta probak presentzia handiagoa izango du hirigunean.
Gainera, antolatzaileek azaldu dutenez, lehiatzeko modalitate gehiago egongo dira, 5 kilometroko lasterketa gehituko baitzaie ohiko distantziei: txikia, 10 kilometro, 21 kilometro eta 42 kilometro. Proba berrian Konstituzio plazara arteko ibilbidea egingo dute, hasierako gunera bueltatzeko.
Maratoi Txikia Prado parkean egingo dute, lau kategoriatan (2021etik 2024ra 125 metro egingo dituzte; 2017tik 2020ra 250 metro; 2013tik 2016ra 700 metro; eta 2010etik 2012ra 1.500 metro, zirkuituari bi bira emanez). Izen emateetan biltzen dena, aurten ere, Aspanafoa Arabako haur minbizidunen gurasoen elkartearentzat izango da.