Idoia Aguillok zuzenduko du Vital Fundazioa

Erredakzioa 2025ko api. 9a, 13:07

Aguillok ekainetik aurrera hartuko du ardura berria. Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Energiaren alorreko enpresetan jardun du orain arte industria ingeniari gasteiztarrak

Idoia Aguillo Otadui Vital Fundazioko zuzendari exekutibo berria izango da ekainetik aurrera, fundazioaren patronatuak gaur ezagutzera eman duenez.

Fundazioen koordinazioaz, plangintzaz eta orientazioaz arduratuko da Aguillo. Fundazioa beraz gain, Estadio Vital Fundazioa, Sancho el Sabio Vital Fundazioa eta Idiomas Vital Fundazioa ere izango ditu ardurapean.

Gasteizen 1975ean jaio zen Aguillo, eta EHUn industria ingeniaritza ikasi du. Horrez gain, Business Administration masterra egin zuen Nebrijako Unibertsitatean, eta hogei urteko esperientzia du industriaren eta enpresen merkataritza eta operazio garapenaren alorrean. Uneotan energiaren alorreko CIRCET enpresako zuzendaria da Espainian, eta Araban GIROA VEOLIAko zuzendari gerentea izan da. 

"Enpresa arloan duen ibilbide profesionalari izaera sozialeko elkarte eta federazioen sareari buruz duen ezagutza zabala gehitu" behar zaiola dio fundazioak. Tartean, AMPEA-Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko egungo presidentea da, bai eta EnpresariAK-Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federaziokoa ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago