Arabako Batzar Nagusiek osoko bilkuran onartu dute EAJk, PSE-EEk eta Podemosek adostutako erreforma fiskala, EH Bilduren eta PPren ezezkoarekin. Koalizio abertzaleak azaldu duenez, "errebisio hau ez da, inola ere, etorkizuneko erronkei aurre egingo dien sistema fiskala, ez dituelako beharrezkoak ditugun baliabideak handituko".
Asteazken honetako osoko bilkuran EH Bilduk eta PPk aurkeztutako hainbat zuzenketa eta boto partikular bozkatu dira, baina duela hamabost egun Ogasun batzordean gertatu zen bezala, atzera bota dituzte foru gobernuko taldeen (EAJ eta PSE-EE) eta Podemosen botoekin. Erreforma fiskala ere bere osotasunean bozkatu da, eta aurrera atera da foru gobernuko (EAJ eta PSE-EE, gutxiengoan baitaude ganberan) eta Podemoseko taldeen botoekin.
Aldaketa horien artean dago 20.000 eurora handitzea errenta-aitorpena aurkeztetik salbuetsita egoteko muga, errenta txikienei alokairuagatik %35eko kenkariak egiteko aukera ematea, eta alokairuagatiko eta etxebizitza erosteagatiko kenkariari heldu ahal izateko likidazio oinarriaren muga 68.000 eurotan finkatzea. Horrela, kopuru hori gainditzen duenak ezin ditu kenkariak eskuratu.