Natur Zientzien Museoa ibiltaria izatea proposatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2025ko api. 8a, 17:23

Rut Ibisate eta Eva Lopez de Arroiabe gaurko agerraldian. Argazkia: EH BILDU

Helburu bikoitza du proposamenak: gordeta dagoen materiala erakustea eta "ezagutza zientifikoa Arabako herri guztietara helaraztea".

Natur Zientzien Arabako Museo Ibiltaria sortzea proposatu du EH Bilduko batzarkide taldeak mozio batean. "Ezagutza zientifikoa Arabako herri guztietara helarazteko proposamena" dela azaldu dute Eva Lopez de Arroiabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak eta Ruth Ibisate batzarkideak.

Ibisatek eman ditu xehetasunak. Azaldu duenez, Arabako Natur Zientzien Museoak urteak daramatza zientzia dibulgatzen. "Datuek erakusten dute museo aktiboa dela, interesa sortzen duela eta kalitate zientifiko handiko materiala duela". Hala ere, museoaren katalogoa osatzen duten 650.000 piezetatik, "bakarrik %0,1" dago gaur egun ikusgai, batzarkidearen arabera. Gainera, Natur Zientzien Museoa Kordoi Etxera eramateak museoa handitzea ahalbidetuko duen arren, materialaren zati handi batek kutxetan gordeta jarraituko duela ziurtatu du Ibisatek.

Material hori erakusteko modua museoaren bilduma ibiltaria sortzea dela iritzi dio EH Bilduk, "Arabako hainbat lekutara erakusketa zientifiko erakargarriak eta interesgarriak eramateko, ahalik eta jende gehienarengana heltzeko eta, bide batez, Arabako landa eremua sustatzeko eta dinamizatzeko aukera emateko", esan du Ibisatek. EH Bilduk proposatu duen natur zientzien museo ibiltariak informazio panelak, piezak erakusteko euskarriak eta dibulgazio lan hori egingo duen ikus entzunezko sistema bat izango lituzke, herritar guztiei zientzia modu erakargarrian helarazteko.

Elkarlana

Lopez de Arroiabek bere aldetik, elkarlanaren garrantzia nabarmendu du, ekimenaren garapenerako: "Gure nahia da Arabako Foru Aldundiak, Arabako Natur Zientzien Museoaren zuzendaritzarekin eta Arabako Natur Zientzien Museoaren Lagunen Elkartearekin koordinatuta, gaur egun jendaurrean ikusgai ez dauden eta museo ibiltari baten parte izan daitezkeen piezen aukeraketa bat egin dezala". Kontzeju, kuadrilla, udalerri eta ikastetxeekiko elkarlana ere aipatu ditu Lopez de Arroiabek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago