Abian da errenta aitorpenaren kanpaina Araban

Erredakzioa 2025ko api. 7a, 15:10

Arabako Ogasunaren eraikina. Argazkia: ALEA

Apirilaren 7tik ekainaren 25era iraungo du. Gehiengoari dirua itzuliko dio Ogasunak.

Arabako Ogasunak martxan jarri du jadanik 2024eko errenta aitorpenaren kanpaina. Gaur bertan abiatu da, apirilaren 7an, eta ekainaren 25a arte egongo da zabalik. Gaurtik aurrera onartu daitezke Ogasunak egindako autolikidazio proposamenak, edo norberak egindako errenta aurkezteko txanda hartu daiteke.

Kalkuluen arabera zergadun gehienei dirua itzuli beharko diete EAEko probintzia bakoitzeko Ogasun sailek, baina egongo da ordaindu beharko duenik ere. Ordaindu behar izatekotan, ez da beharrezkoa dena batera ordaintzea, zatika emateko aukera ere eskaintzen baitute.

Araban hiru modu daude errenta aitorpena aurkezteko. Batetik, Rentafacil izeneko sistema, Ogasunak bidalitako autolikidazio proposamenarekin lotua. Aldundiak egiten du kalkulua, dauzkan datuen araberakoa, eta proposamena bidaltzen dio bakoitzari. Eskaintza jasotakoan moldatu daitezke xehetasun batzuk, edo zuzenean onartu daiteke. Onartu beharra dago, bestela ez delako automatikoki gauzatuko.

Rent@raba sistemarekin, berriz, Ogasuneko bulegoetan egin daiteke aitorpena. Gasteizko kasuan Samaniego kalean. Jarduera ekonomikoa izan duten pertsonek edo ohiko etxebizitza aldatu dutenek, adibidez, aukera dute bertan egiteko aitorpena, Ogasuneko langileen laguntzaz. Internet bidez egiteko aukera ere badago, Rentared programarekin, zergadun bakoitzak bere aitorpena egiteko aukera eskaintzen duena.

Ordaindu behar izatekotan ekainaren 25a da ordaintzeko azken eguna, dena kolpe bakarrean ordaindu nahi bada. Bestela, bi zatitan ordaintzeko aukera dago, %60a ekainaren 25a baino lehen, eta %40a azaroaren 10a baino lehen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago