Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru aldundiek 25 milioi euro inguru bideratuko dituzte datozen hiru urteetan, hamar urteko epe batean lehen sektorean 1.250 gazte sartu daitezen lortu asmoz. Erretiroa hartu duten edo aurki hartuko duten 1.500 ustiategietako jabe edo langileak aintzat hartuko ditu planak. Horietako 750 inguruk belaunaldi erreleborik ez dutela ondorioztatu dute teknikariek, beren jarraikortasuna kolokan egonik.
Planak 22 neurri hartzen ditu. Horietako bi komunikazio kanpainak izango dira, lehen sektorearen "balio estrategikoa" azpimarratu eta "bokazio" berriak erakartzeko. Bestetik, aldundiek belaunaldien arteko bitartekaritza lana egingo duten bulegoak martxan jarriko dituzte. Gaztenek programa indartuko dutela diote, eta ustiategiak uzten dituztenei diru laguntzak emango dizkiete. Gazteei, berriz, maileguak hartzeko abalak emango dizkiete, Sendotuz programaren bitartez.
Noemi Agirre Nekazaritza diputatuaren hitzetan, egitasmoaren helburuak dira "ustiategiak bizirik mantentzea, landa ingurunea dinamizatzea eta nekazari belaunaldi berri bati benetako aukerak eskaintzea".