Euskarazko praktiken mapa osatzeko prozesua abiatu du Enpresen Foroak

Erredakzioa 2025ko api. 3a, 17:57

Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egin dute topaketa. Argazkia: AFA

Europa biltzar jauregian bildutako eragile sozioekonomikoek alor horretan izandako esperientziak partekatu dituzte. 

Lan munduan euskarazko praktikak egiteko urteotan bildutako esperientziak partekatu dituzte Egibide, RPK, Laneki eta Oreka IT enpresek gaur Europa biltzar jauregian egin duten Arabako Enpresen Foroaren aurtengo lehen edizioan.

Jaurlaritzak, Aldundiak eta Gasteizko Udalak antolatuta, Lanabes programaren baitan euskararen presentzia sustatzeko foroan 40 bat enpresak eta eragile sozioekonomikok parte hartu dute; Bai Euskarari elkarteak jardunaldiaren zerbitzu teknikoa eskaini du.

Foroan hizkuntzen kudeaketaren inguruko praktika onak partekatzeko eta enpresa eta hezkuntza zentroetan praktikak euskaraz egiteko erronkak ezagutu dituzte, aldundiak zabaldutako ohar batean azaldu dutenez. Alor honetan, euskarazko praktiken mapa osatzeko prozesua abiatu dute.

40 bat eragile bildu ditu ekimenak. Argazkia: AFA

Praktiken alorreko esperientziez gain, besteak beste, honako gaiak izan dituzte hizkide: Hizkuntza Politika Sailak eta Gasteizko Udalak euskara sustatzeko dituzten lagunzak, aurtengo Euskaraldia —Taupa mugimenduaren eskutik—, eta erakundeetan euskararen presentzia areagotzeko erronkak eta aurrerapausoak.

Aldundiaren arabera, jardunaldian izandako parte hartze aktiboak erakutsi du "enpresek euskararen presentzia sendotzeko duten interesa". Hurrengo hitzordua irailaren 23rako adostu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago