Eusko Jaurlaritzak kudeatutako espetxeetan kultur eskaintza jasotzeko aukera dute presoek, eta hainbat artista joan izan dira bertan ekitaldiak egitera. Urte hasieratik, baina, Jaurlaritzak zinpeko agiri bat sinatzea exijitzen die kulturgile hauei, konpromisoa eskatuz legearen eta kartzelaren aurkako mezuak ez egiteko, eta biktimen duintasuna eta sentimenduak errespetatzeko.
Hainbat kulturgile neurri honen aurka agertu dira, eta "Espetxeak libre" izeneko manifestua sortu dute, kultura munduko eragileek ere desadostasuna adierazi dezaten. Euskal Herri osoko 60 kulturgilek baino gehiagok sinatu dute jada, tartean Askoa Etxebarrieta Lasheras, Bingen Mendizabal eta Jon Basaguren. Gehiagok sinatzeko aukera zabaldu dute webgunean.
"Sortzaileak bere buruari autozentsura aplikatzea" da Jaurlaritzaren helburua, manifestuan salatu dutenez, eta ohartarazi dute espetxeari eskubidea ematen diola "nahiko modu arbitrarioan erabakitzeko zer den kultura onargarria eta zer ez". Dokumentua erretiratu dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Manifestuan diote ez dutela estatuen, enpresen eta espetxeen aldeko kultura nahi, "kritika oro zentsuratzeko" erabiliko dena.
"Kantatu ahal dira 564, Carcelero, carcelero edo Sarri Sarri, Presos de la sociedad? Edo Pantxoa eta Peiorenak? Bertsolari batek espetxea kritikatu ahal du bertso batean?" Galdera hauek zabaldu dituzte manifestuan, eta kulturak askea izan behar duela aldarrikatu.
Sinatzearen dilema
Manifestuaren egileek ohartarazi dute "ataka txarrean" jarri dituela dokumentua sinatzeko beharrak, eta dokumentuaren aurka egon arren iritzi ezberdinak daudela hartu beharreko jarrerari dagokionez. Izan ere, dokumentuaren aurka egonagatik sinatzeari uko egiteak ekarriko luke espetxean daudenak kultur eskaintzarik gabe uztea. Adierazi dute ez dutela ika-mikarik sortu nahi "barruan zein kanpoan" dauden jarrera ezberdinen artean, eta "bakoitzak egokien ikusten duen moduan" kontra egitera deitu dute.
Dokumentuari kritika egiteaz gain, gogorarazi dute hori baino lehenago ere hainbat talde eta pertsonari ukatu zaiela espetxera sartzeko aukera kultur emanaldiak egitera, "inongo arrazoirik gabe", eta hori ere salatu dute beren adierazpenetan.