Kulturari lotuta jarraituko du Amarika aretoak

Erredakzioa 2025ko api. 3a, 10:00

Kultura aretoa izaten jarraituko du Amarikak. Argazkia: ALEA

Kultur taldeek egin duten presioagatik atzera egin du Arabako Aldundiak; beste espazio bat bilatuko dute ekintzailetza proiektuetarako.

Arteari lotuta jarraituko du Gasteizko Amarika aretoak, Arabako Aldundiak espazio hori ekintzailetzara bideratuko zuela iragarri eta gero. Kultur eragileen presioaren ondorioz, atzera egin dute, eta bere horretan mantenduko dutela jakinarazi du Ana del Val Kultura diputatuak. "Kulturarako espazioa" izaten jarraituko duela esan du, eta aldi berean kulturgileekin aretoa biziberritzeko egitasmoak aztertuko dituela. 

"Kultura Sailean beti entzun diogu modu aktiboan eta etengabe kultura sektoreari. Sarritan bildu gara kulturarekin lotutako artistekin eta profesionalekin, gure nahia Arabako kultura arloko beharrei erantzutea baita. Entzute aktibo horren ondorioz, beharrezkotzat jotzen da Amarika aretoak kulturgunea izaten jarraitzea", azpimarratu du Ana del Valek.

Gizartearen babesa

Amarika elkartetik positiboki baloratu dute erabakia. Eskertu egin dute "gizarteak emandako laguntza", Aldundia "mugiarazi" duelako. "Horrelako ekintza kolektiboek erakusten digute batasunak indarra egiten duela eta artea eta kultura funtsezko alderdiak direla gure lurraldearen nortasunerako", nabarmendu dute elkartetik. 

Hala, datozen hilabeteetan dagoeneko programatuta dauden erakusketa batzuk egingo direla azaldu dute."Amarika elkartearentzat funtsezkoa da proiektu koherente eta kalitatezkoa sortzea, oinarri sendoak ezarriko dituena eta artearen egungo errealitatearekin konprometitutako lan ildoa ezarriko duena. Uste dugu hau aukera bat izango dela, aretoaren etapa berri bat irekitzeko". Hala jakinarazi diote elkartetik Kultura diputatuari, prozesu honetan lankidetza izateko borondatearekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago