Euskararen Erreferentzia Corpusa aurkeztu du Euskaltzaindiak

Erredakzioa 2025ko api. 1a, 13:11

Bilbon aurkeztu dute Euskararen Erreferentzia Corpusa. Argazkia: Euskaltzaindia

Egungo euskararen isla izan dadin osatu dute corpus "ireki eta kolektiboa", 2000. urtetik idatzitako milaka testu jasota. Hizkuntza, literatura edo ikerketa helburuetarako erreferentzia izatea da helburua.

Euskaltzaindiak Euskararen Erreferentzia Corpusa aurkeztu du, "hizkuntzaren nondik norako zehatzak eta orekatuak bildu nahi dituena". Arlo ezberdinetako laginak jaso dituzte horretarako, eta egungo euskararen isla izateko dago pentsatua. Datozen urteetan zabaltzen eta osatzen joango dira.

Lan kolektibo baten ondorio dela adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Euskal Herriko 68 erakunde pribatu eta publikorekin batera ondu dute lana, "hedabide nagusiekin eta gizarte eragile askorekin batera". ALEAren laginak ere aurkitu daitezke corpusean.

Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du Euskaltzaindiak "prestigioa" ematen diola hizkuntzari, eta "gure herriaren etorkizuna gidatuko duen erreferentziazko tresna" dela aurkeztu berri den corpusa. Izan ere, hizkuntza teknologia berriek ezarritako erronkei erantzuteko asmoa ere badu Erreferentzia Corpusak. Baita egungo euskara estandar edo erreferente gisa erabiltzeko ere, izan literaturan, ikerketan, irakaskuntzan, zuzenketan... Lexiko orokorra zein terminologikoa topa daiteke bertan.

2000. urtetik hasi eta 2023ra bitartean euskaraz idatzitako testuak bildu dituzte EECan, 123.124 dokumentu guztira, orain arte. Erabilera errealetan oinarritutako bilduma da, hizkuntza baten garai zehatz baten ahalik eta erakusgarririk xeheena egin nahi izan dute. Era berean, lematizatuak eta sailkatuak izan dira testu guztiak, kontsulta zehatzagoak egitea ahalbidetzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago