Arrisku adinean dauden 28.000 pertsonak ez dute koloneko minbiziaren baheketan parte hartu

Erredakzioa 2025ko mar. 28a, 14:00

Minbiziaren aurkako egunean Gasteizen egindako agerraldia. Argazkia: ALEA

Koloneko minbiziaren sentsibilizazio kanpaina egingo du Arabako Minbiziaren Aurka elkarteak. Minbizia antzemateko proba berria egitera deitu dute arrisku adineko jendea, batere mingarria ez den proba.

Arabako Minbiziaren Aurka elkarteak koloneko minbiziaren inguruko sentsibilizazio kanpaina bat jarri du martxan. Azaldu dutenez, kolonekoa da intzidentzia altuena duen tumorea, 2024an 312 kasu berri diagnostikatu ziren Araban, 2.131 EAEn. Garaiz antzemanez gero, hamar gaixotik bederatzik bizirik irauteko aukera dutela jakinarazi dute.

Baina horretarako testak egin beharra dago, eta elkartetik ohartarazi dute jende askok ez dituela egin. Arrisku adinean egoteagatik, 50 eta 74 urte bitartean izateagatik, testa egitera deituta zeuden pertsonetatik 28.389k ez dute egin, eta kezka adierazi dute elkartetik. 

Horregatik, sentsibilizazio kanpaina egingo dute urte osoan zehar, zalantzak argitzeko eta arriskuan daudenak testak egitera animatzeko. Martxoaren 31n, Koloneko Minbizia Prebenitzeko Egunaren harira, Loma Jeneralaren plazan egongo dira, karpa batean informazioa banatzen. Gainera, urte osoan zehar hainbat hitzaldi egingo dituzte kolektibo ugarirekin, sentsibilizazio kanpainaren baitan.

 EAE Espainiako Estatuko liderra da baheketan, %70eko tasa du, zertxobait altuagoa emakumezkoetan gizonezkoetan baino. Eta ez da kolonoskopia egiteko beharrik, egun beste proba bat erabiltzen baita horretarako, ez dena batere mingarria. Eginkarietan (edo gorozkietan) Ezkutuko Odola antzemateko Testa egin daiteke, lagin bat hartu eta osasun zentrora eramanda. Lagin horretatik antzeman dezakete eta arazorik dagoen, eta garaiz topatzea ahalbidetzen du, gaixotasuna oso aurreratua egotera itxaron gabe, bizirauteko aukerak hobetuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago