Hodeiek eguzki eklipse partziala ikustea zailduko dute

Erredakzioa 2025ko mar. 28a, 10:35

Eguzki eklipsearen ordutegiak, Madril erreferentzia hartuta. Argazkia: IGN

10:53an hasi eta 12:40an amaituko da fenomenoa, maximoa 11:45ean gertatuko delarik.

Larunbat goizean eguzki eklipse partzial bat ikusi ahal izango da Arabatik, baina, eguraldiaren iragarpenaren arabera, zaila izango da fenomeno astronomikoa behatu ahal izatea. Gasteizen eklipsea 10:53an hasi eta 12:40an amaituko da, eta bere maximoa 11:45ean gertatuko da. Euskalmeten iragarpenaren arabera, ordea, larunbat goiza hodeitsu edo oso hodeitsu esnatuko da, eta han-hemenka zaparrada txikiak botako ditu. Arratsaldera arte ez omen du atertuko.

Euskal Herrian ez ezik, eklipsea Ameriketako Estatu Batuetan, Atlantikoko Ozeanoaren iparraldean, Artikoaren zati batean, Groenlandian, Errusiako iparraldean, Europako zati handi batean eta Afrikako ipar-mendebaldean ere ikusi ahalko da. 

Partziala izanik, zati bat baino ez du ezkutatuko. Gurean, Ilargiak Eguzkiaren diametroaren %22 baino ez du estaliko. Arabatik ikusi ahal izango den hurrengo eklipse osoa datorren urteko abuztuaren 12an izango da. 

Ohi bezala, halako fenomeno baten aurrean arduraz jokatzeko eskatu du IGN Espainiako Geografia Institutu Nazionalak. Izan ere, ez da Eguzkia zuzenean begiratu behar, ez begi hutsez ezta eguzki betaurrekoekin. Behatzeko modurik onena itzalean dagoen pantaila batean edo eklipserako betaurreko bereziekin proiektatutako irudia ikustea da.  Etxeko proiektore bat egin daiteke ere, eklipsea zeharka ikusteko: kartulina bat baino ez da behar zulo txiki batekin. Bertatik Eguzkiaren argia pasatzen utzita, bere irudia gainazal zuri batean proiektatu ahalko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago