Musikak kartetan duen isla, ikusgai

Erredakzioa 2025ko mar. 27a, 17:42

Musikaren eta karta sorten arteko harremana jorratzen du erakusketak. Argazkia: AFA

Fournier Karta Museoak Musikarta, musika kartetan izeneko erakusketa atondu du. 60 karta sortez osatutako bilduma urrira arte bisitatu ahalko da. 

Gasteizko Fournier Karta Museoak Musikarta, musika kartetan izeneko erakusketa berria ireki du. Musikarekin lotutako marrazkiak eta gaiak dituzten karta sorta asko ikusi ahal dira bertan: Europako hainbat herrialdetako 60 karta sorta baino gehiagok osatzen dute proposamena. Batzuk oso zaharrak dira, duela 200 urte baino gehiagokoak; beste batzuk, berriz, oso modernoak dira. Karta horietan, musikari famatuen marrazkiak ikus daitezke, bai eta musika notak eta musikari buruzko beste hainbat gai ere.

Javier Fernandez Bordegarai museoko zerbitzu buruak eta Edurne Martin museoko teknikari arduradunak aurkeztu dute erakusketa. Antolatzaileek nabarmendu dute "musikak eguneroko bizitzan nola eragin duen erakusten duen beste adibide" bat dela erakusketa, musika "artelan eta objektu mota guztietan irudikatu baita, baita kartetan ere". Gogora ekarri dute karta egileek —Fournier barne—, ardura handia zutela karten diseinuarekin, eta artistak kontratatzen zituztela marrazki ederrak egiteko. Horregatik, karta sorta horietako batzuk "artelan txikiak" direla esan dute.

Erakusketa urriaren amaierara arte egongo da zabalik, eta Aste Santuan eta urrian jarduera bereziak egongo direla aurreratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago