Las Ermitas aztarnategiko bi piezatan faltsifikazio zantzuak atzeman dituzte

Erredakzioa 2025ko mar. 25a, 17:47

Atzemandako grafitoak. Argazkiak: AFA

Arkeologia Museoa aztertzen ari den Espejoko aztarnategiko zeramika pieza banatan egindako bi grafito dira, Neron eta Cesar hitzak dituztenak. Ertzaintzak ikertuko ditu piezak.

Espejoko Las Ermitas aztarnategiko zeramika pieza banatan "manipulazio zantzu argiak" dituzten grafitoak atzeman dituzte Arabako Arkeologia Museoko arkeologoek, Neron eta Cesar hitzak grabaturik dituztenak. Material hori Lurmen ikerketa taldearen esku egon zen bere garaian, Iruña-Veleiako instalazioetan; eta egun, Arabako Arkeologia Museoan (BIBAT) artxibatuta dago. 2020an Lurmen enpresaren arduradunak zigortu zituzten ondare historikoaren eta kulturalaren dokumentuak faltsutzeagatik. 

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Ertzaintzan kultura ondarearen aurkako delituetan eskudun den Ingurumen, Hirigintza eta Ondare Historikoaren Atalari bidali dio aurkikuntzaren informazio guztia. Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak adierazi dute "zorroztasunez, gardentasunez eta azkar" jokatu dutela. "Baieztatuko balitz, berri txarra izango litzateke, ez hainbeste faltsututako materialaren bolumenagatik, baizik eta Arabako ondare arkeologikoaren ospeari kalte egiteagatik".

'Neron' eta 'Cesar', 'Nero' eta 'Caesar' ordez

Erromatar berantiarreko grafitoen inguruan Kultura eta Hizkuntza Politika sailak sustatu duen ikerketaren bueltan, Javier Niso eta Miguel Loza Iterbide SC enpresako arkeologoek egin dute ustez faltsututakoa grafitoen aurkikuntza. Arkeologia Museoan pilatuta dauden landa inguruneetako aztarnategietako materialak aztertzen ari dira arkeologoak uneotan: aztarnategi bakoitzeko zeramika bilduma osoa bildu egiten dute, kutxa bakoitza zehatz-mehatz aztertu, dauden grafitoak bilatu, argazkiak atera eta katalogatu.

Lan horren baitan, bi grafito aurkitu zituzten, martxoaren 19an, Neron eta Cesar hitzekin, erromatarren garaiko zeramikazko bi piezaren gainean. "Grafiak  ez dirudi antzinakoa, eta gainera, letraren batek ebaki egiten zuen denborarekin itsatsitako lurra. Gainera, latinez, bi izen horiek Nero eta Caesar idazten ziren", argitu du aldundiak ohar batean.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago