Ehun elkarteak gaur jakinarazi du Euskal Herriko 101 udalerritan Euskal Errepublikaren aldeko mozioak erregistratu dituela. Horietatik hamabost Arabako udalerriak dira.
Zehazki, gurean, honako udalerrietan aurkeztuko dituzte: Agurain, Aiara, Aramaio, Argantzon, Arraia-Maeztu, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Gasteiz, Oion, Kanpezu, Laudio, Legutio, Trebiñu, Urkabustaiz eta Zuia. Datari dagokionez, Gasteizkoa baino ez dute aipatu: apirilaren 16ko udal osoko bilkuran izango dela aurreratu dute.
Udalez udal aurkeztuko duten mozioaren edukiak dio "espainiar eta frantziar Estatuen parte" izanik ezingo dela "herritar guztien aldeko legedirik aurrera atera". Ondorioz, Euskal Errepublika "herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta" dela diote. "Guzti horregatik Udal honek bere burua Euskal Errepublikaren parte dela deklaratzen du".
Bestetik, Ehunek iragarri du apiriletik aurrera elkartea "itzaliko" dutela. 'Saiatu gara' izeneko agiri batean elkarteak dio "egitura politiko nagusien kontrako norabidean igeri" egin dutela, baina "baliabide falta" izan dutela; zehazki, giza baliabide eta baliabide ekonomikoak aipatu dituzte.
Gogora ekarri dute iazko maiatzean erregistratu zutela Plentzian (Bizkaian) independentziaren aldeko lehen mozioa, eta ahalegindu direla hori zabaltzen, baina elkartearen jarduna ez dela nahikoa izan "elite independentistaren ezezkoak suposatu duen lan gehigarriari aurre egiteko". Diotenez, "lana izugarri zaildu" diete. Hori dela eta, elkartea "itzaliko" dutela esan dute, baina dei egin diete herritarrei mozioa hartu eta udaletan sustatu dezaten.